ZESTA ETA GASTRONOMIA HONDARRIBIAN OSTIRALERO UZTAILA ETA ABUZTUAN

Uzt, 2019 Hondarribia, zesta punta, Jai alai

Gaur goizean burutu da Udaletxeko Areto Nagusian udako zesta puntaren sasoiaren aurkezpena: jaialdiak uztaileko eta abuztuko ostiraletan (20:00etan) izango dira; aurkezpenean Juan Luis Silanes Kiroletako zinegotziak, Mikel Egiguren Jai Alive enpresako ordezkaria eta Yoni Amboage, Hondarribiko Pilota Eskolako presidentea izan dira. Eskolako hainbat kirolari gazte ere bertaratu dira.


Juan Luis Silanes zinegotzia pozik agertu da “hamahirugarren urtez sona handia hartu duen txapelketa hau gure herria edukitzeagatik. Publiko eta pribatuaren arteko lankidetza kontzeptua nabarmendu nahiko nuke, Jai Alive, Udala, Pilota Eskola, eta zenbait jatetxe eta patrozinatzaileen arteko lankidetza baitago. Guztien arteko partaidetza horrekin Hondarribiak merezi duen lekua hartzen du zestan’.


Egigurenek zera adierazi du: “Hondarribia Jai Alai World Tourreko plaza nagusienetako bat izango da hamahirugarren urtez, eta horrez gain gastronomia mailan herriko jatetxerik onenak izango ditugu; ondorioz, ostiraletako plana oso interesgarria izango da. Eskerrak eman nahi dizkiot Udalari bere inplikazioagatik haseratik, eta nola ez, Pilota Eskolari egiten duten lanagatik. Denon artean lan-sinergia egokia lortu dugu”.

Gure artean ariko diren jokalarien artean, Goikoetxea, Beaskoetxea, Egiguren, Erik Mendizabal, Olha, Zulaika, Imanol Lopez, Eki, Aldazabal, Etcheto edota Minvielle aipatu daitezke.

Yoni Amboagek gehitu duenez, “aurten lehen aldiz, 21 urtetik beherako Euskal Herriko zesta jokalariei tokia egin nahi diegu. Hala, 19:30ean, ostiralero, jokatzeko aukera izango dute eta ikusleek bere maila zein den ikus dezaten”.

“Asko eskertu nahi dut parte hartzen duten jatetxeen laguntza: Abarka, Enbata, Txantxangorri, Alameda, Batzokia, Hiruzta, Laia Erretegia eta Arroka Berri jatetxea hain zuzen. Eta gogora ekarri nahi ditut gure eskolan hainbeste laguntzen dituzten bolondresak, guraso, lagun… denen laguntza ezinbestekoa da” amaitu du Amboagek.


Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika