X. DIES OIASSONIS

Uzt, 2019 Irun, Dies Oiassonis, festival romano

Erromatar jaialdiak, Irungo udako plater nagusiak, baieztatu ditu hamargarren edizioko egunak: uztailaren 11tik 14ra. Programaren barruan, Oiasso Museoaren inguruan egingo diren birsortzeak, erromatar zirkua eta tailerrez eta pintxoaren ibilbideaz osatutako atal gastronomiko sendo bat.

Erromatar zirkoa

Hirugarren urtez San Juan plazan instalatuko den erromatar zirkoa izango da erakargarritasun handienetako bat, eta jaialdiaren edizio honetan ikuskizun berriak eskainiko dira bertan. Bigen lasterketak eta gladiadoreak izango dira, eta jaialdiaren aurtengo edizioan ikuskizun gehiago eta desberdinagoak izango dira. Iaz dagoeneko izan zen jarduera nabarmenduena, eta jende asko izan zen bertan; beraz, formula errepikatu nahi da, baina emankizunak aldatuz eta erakargarriagoa eginez. Funtzioen ordutegia hau izango da: ostiralean: 22:00etan; larunbatean: 18:00etan eta 22:00etan, eta igandean 13:00ean eta 18:00etan. Sarrerak salgai egongo dira Turismo Bulegoan, asteazkenetik aurrera (hilak 10). Plaza libreak geratzen badira, erromatar zirkoan ere erosi ahalko dira ikuskizuna hasi eta minutu batzuk lehenago. Prezioak: 4 euro pertsona bakoitzeko eguneko saioetan) eta euro, gaueko saioetan.

Cohors Prima Gallica

Jardueren programan antzezpen historikoen bloke garrantzitsu bat sartuko da Oiasso Museoaren inguruan. Edizio honek publiko orokorrak ezagutzen ez duen ezezagun handienetako bat ezagutzeko aukera emango digu, alegia Behe Inperioko soldadua, gutxitan antzezten dena. Cohors Prima Gallica Euskal Herriko antzezpen historikoetako taldeak lehen aldiz bisitatuko du Oiasso eta kanpaleku bat instalatuko da; modu horretan, era sinesgarrian erreplikatuko da Behe Inperioko legionarioek osatutako unitate bat. Larruzko denda erromatar bat instalatuko da, baita panoplia bat ere; bertan soldaduen arma pertsonalak ezarriko dira: baleztak, arkuak eta abar.

Berritasunekin jarraituz, kanpalekuko antzezpen historikoak maniobra militarren antzezpenekin osatuko dira, baita bizitza zibilaren alderdi batzuekin ere. Adibidez, Kohortearen destakamentu bat ere izango da. Borrokarako formazioan egongo da eta xedea da soldadu motak azaltzea, borroka egiteko moduak eta eraso zein defentsako maniobra batzuen erakustaldiak izango dira; horiei esker, armada erromatarraren bilakaeraren gaineko nozio batzuk eduki ahal izango ditugu.

Armamentuan izandako aldaketak ikusiko ditugu, baita janzkeran eta taktika militarretan ere; bigarren horietan bertaratzen direnek parte hartu ahal izango dute. Jardueraren xedea Cristo aurreko IV.-V. mendeetako soldaduaren ekipamendua erakustea da, janzteko duen modua, kaskoa, ezpata eta abar. Desberdinak dira aurreko garaietakoekin alderatuz, etsai berriei aurre egitean hartutako esperientziaren emaitza gisa. Lehen aldiz, familia patricio baten antzezpen historiko bat bizituko dugu jaialdian eta Jean Louis Taly artisau frantziarraren lana ikusteko aukera izango dugu. Erromatarren garaiko urregile baten tailerra erreplikatu du aztarnategi arkeologikoetan aurkitutako piezetan oinarritutako modeloekin.

Navigium, hitzordurik garrantzitsuena

Apuleioren "Urrezko astoaren" testu klasikoari jarraituz, aurten ere antzeztuko da NAVIGIUM ISIDIS zeremonia historikoa. Isisi jainkosaren ohorezko zeremonia da eta itsasoa nabigaziorako irekitzen dela ospatzeko egiten zen erromatarren garaian.

Irungo hainbat auzotako bizilagunek eta elkarteetako kideek parte hartuko dute (Santiago, Katea, San Juan, Nabartenea) eta Hondarribiko Mendeluko kideak ere bai. Haiei esker egin ahal da edizioz edizio zeremonia horren antzezpen historikoa. Hitzordua larunbatean (13an) izango da, 19:30etik aurrera.

Antzerki klasikoa

Edizio honetan eszena arteek protagonismo berezia izango dute. Dies Oiassonis ekimenak egileak eta pertsonaia klasikoak hainbat diziplina eta proposamenetatik hurbilduko dituzte, bai helduei bai familiei zuzenduta. Hasteko, ostiralean (hilak 12), 22:30ean Plautoren "Bikiak" antzerki obra antzeztuko da Verbo Producciones konpainiaren eskutik. Arrakasta handiz aurkeztu zen Meridako Antzerki Klasikoko Nazioarteko Jaialdian eta hainbat sari eskuratu zituen; horien artean, 2013an, publikoaren saria (Ceres Saria) eta urteko obra grekolatino onenaren saria eta Ilici Augusta "Elche" Antzerko Grekolatinoaren Lehiaketako aktorerik onenaren saria. "Bikiak" helduei zuzendutako komedia bat da.

Bigarren hitzordua txotxongilo erromatarren ikuskizun bikoitza izango da, familientzat dago pentsatuta, "Gladius eta Medulina" izenburukoa. Larunbatean (hilak 13) 13:00etan eta 17:00etan emango da museoaren plazako eszenatokian. Iaz estreinatu zen Tarraco Viva, Tarragonako Jaialdi Erromatarrean. Antzerki pieza honekin batera, ikerketa prozesuaren azalpen bat eta antzinako garaiko txotxongilo antzezpen bat izango dira. Eta berritasun gisa, hirugarren emanaldi bat izango da; kasu honetan, "Ezezagunok" hiriko antzerki taldearen eskutik. Igandean, 12:00etan La pax y otras lunas" obra aurkeztuko dute, Aristofanesen "Bakea" obraren bertsioa eginez.

Gastronomia erromatarra

Jarduera programa oso bat programatu da 'Saborea Irun Dastatu' plataformaren aldetik. Esperientzia gastronomikoak egingo dira hiriko hainbat establezimendutan. Pintxoaren ibilbide bat egingo da eta 24 taberna eta jatetxe izango dira parte-hartzaile, showcooking saio batez gain, Oiasso Museoko terrazetan afari gourmet klasikoa ere egingo da. Zehazki, ibilbidea hilaren 5ean hasiko da San Juan, Alde Zaharra, Zabaltza eta Pío XII eremuetan bat egin duten jatetxeekin. Igandera arte (hilak 14) garai erromatarraren produktuetan oinarritutako pintxo erromatar bat probatu ahal izango da.

Ohiko esperientzia gastronomikoak establezimendu hauetan egingo dira: Felix Manso Ibarla (asteartean, hilak 9, 19:00etan), Ola Sagardotegia (asteazkena, hilak 10, 19:00etan) Bidasoa Basque Brewery (osteguna, hilak 11, 19:00etan) eta Papperino (ostirala, hilak 12, 17:00etan). Izen-emateak: Turismo Bulegoan, uztailaren 5etik, plazak amaitu arte. Doan

Gourmet afaria

Uztailaren 12an, 21:00etan izango da "gourmet" afaria. 8 plater (pintxo) bereziek osatuko dute Dastatzeko menua eta Ibarlako Danako, Manolo, Alzola eta Ogitxu jatetxeetako sukaldariek prestatuko dituzte. Gau-ekitaldian erromatar musikaz girotua izango da eta Patxi Pérez aktoreak dinamizatuko du. Umoreaz baliatuz komentatuko du garai horretako gastronomia. Turismo Bulegoan, uztailaren 5etik, dauden 30 plazak amaitu arte. Prezioa pertsona bakoitzeko: 20 euro.

Showcooking

Aurten errepikatuko da 'showcooking' formula: zuzenean pintxoak prestatuko dira erromatarren garaiko osagaiez. Bertaratzen direnek beraien etxean prestatu ahalko dituzte edo, bestela, Irungo hainbat establezimendutan dastatu ahal izango dituzte. Parte-hartzaileak: Félix Manso Ibarla jatetxeko Félix Manso, Danako jatetxeko David Rodríguez , Manolo tabernako Iñaki Barros eta Papperinoko Yon Gallardo . Hitzordua: Oiasso Erromatar museoko plazan, hilaren 13an (larunbata), 11:30ean. Izen-emateak: Turismo Bulegoan, uztailaren 5etik, lehen ilarako 10 plazetarako; gainerakoak libre dira, plazak bete arte.

Beste berritasun batzuk

Uztailaren 12tik 14ra bitarterako proposamenen artean azoka erromatarra nabarmentzen da: artisautza eta elikagaiak saltzeko ehun saltoki baino gehiago izango dira, Junkaleko plazatxoan instalatuko dira San Juan plazako erromatar zirkoaren eremuraino. Hiriaren erdialdea zutoihalekin apainduta egongo da. Bestalde, azpimarratu behar da aurten ekitaldi berri bat izango dela eta Oiasso museoaren barruan egingo dela: "Fake news de la Antigua Roma" liburuaren aurkezpena egingo da. Néstor F. Marqués egilea bertan izango da. Erromatarren kulturaren hedatzaile ezaguna da eta presentzia handia du gizarte sareetan. Hitzordua ostiralean izango da (hilak 12), 19:00etan, Portu aretoan. Sarrera librea.

Azkenik, jaialdiak beste toki bat konkistatuko du urpeko arkeologiari buruzko hedapen zientifikoko jarduera didaktiko batez, zeina San Martzial Txingudi Kirol Guneko igerilekuan egingo baita. Hitzordua uztailaren 14an (igandea) izango da: 11:30ean eta 16:00etan. Tailerra doan izango da, baina igerilekuaren sarrera ordaindu behar da. 36 plaza izango dira saio bakoitzeko eta izen-ematea bertan egingo da.

Egitaraua, detaile guztiekin, deskargatu hemen

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika