WORDCAMP IRUN EKITALDIAREN BIGARREN EDIZIOA MAIATZAREN 31tik EKAINAREN 2ra BITARTEAN

Mai, 2019

2018an estreinaldian lortutako arrakasta ikusita, WordCamp Irun bueltan da, maiatzaren 31tik ekainaren 2ra bitartean, WordPress plataformaren (munduan gehien erabiltzen den web edukien kudeatzailearen) erabiltzaile eta jarraitzaileak biltzeko.

WordPress doako software libre bat da, sareko edukien argitalpena demokratizatzea duena helburu. Nornahik erabil dezake bere webgune propioa sortzeko, eta nahi bezala alda dezake; are gehiago, negozio eredu bat sor dezake haren inguruan (direla zerbitzuak, direla software produktu eratorriak).

Plataformaren inguruan, erabiltzaile komunitate bat eratu da, bere borondatez eta musu truk haren garapen eta zabalkundean lan egiten duena, eta, urtero, WordCamp direlako asteburuko ekitaldiak egiten ditu, non tailerrak, hitzaldiak, networkinga eta jarduera sozialak antolatzen dituen.

Aurten, hamar hiritan egingo dira antzeko ekitaldiak, eta hamar hiri horietatik txikienekoa da hau; hori dela eta, berrikuntzak egin behar izan dira, esperientzia erakargarri bat eskaintzeko. Guztira, berrehun lagunek baino gehiagok parte hartuko dute.

2019ko EGITARAUA

Maiatzak 31 (ostirala), Urdanibia plaza

Bost hizlari bikain ekintzailetza digitalaren inguruan mintzatuko dira: nomadismo digitala, tokiko kasu arrakastatsuak, ekiteko beldurra, sare sozialen kudeaketa... Berrikuntza hitzaldiak irekiak izatea da; alegia, interesa duen oro joan ahalko da, dohainik. Gainera, mundu osoan WordCamp bat kalean egiten den lehenengo aldia izango da.

Ekainak 1 (larunbata), Mondragon Unibertsitatea (Palmera-Montero Gunea)

Txartela erosten dutenek eskubide hauek izango dituzte: 23 hitzalditarako sarrera, opariz osatutako ongietorri pack bat, babesleen deskontuak, elastiko oroigarri bat, egun osorako kafea eta fruta, larunbateko eta igandeko bazkariak eta larunbat gauean Euskal Kultur Taldearen sukaldaritza elkartean (Irunen bertan) egingo den festa batera joateko sarrera (txartelaren prezioa: 20 €).

Hitzaldiak bi aretotan izango dira, aldi berean: areto nagusiko hitzaldiak profil teknikorik ez dutenentzat izango dira, eduki sorrerari, sare sozialei, marketinari eta segurtasunari buruzkoak, eta bigarren aretokoak, berriz, profesionalentzat, web diseinu eta garapenari buruzkoak funtsean.

Ekainak 2, igandea: Contributor Day

Munduko WordPress komunitateari laguntzen (itzultzen, kodea garatzen, ekitaldiak antolatzen) irakasteko tailerrak izango dira, parte hartu nahi duen ororentzat.

Gonbidatutako hizlarietako batzuk

• Joan Boluda (Bartzelona): online marketineko aholkularia, mundu osoan ezaguna

• Fernando Tellado (Madril): espainierazko WordPress munduko mundu mailako erreferentea

• Rocío Valdivia (Sevilla): WordPress Fundazioaren komunitate arduraduna Europa, Asia eta Afrikarako

• Ainara Rubio eta Pía Alzaga (Irun): Txikis del Bidasoa magazinaren kudeatzaileak eta 2018ko Irun Ekintzan saridunak –ekintzailetza aitortzen dute Irun Ekintzan sariek–

Oso sarrera gutxi gelditzen dira, eta webgunearen bitartez bakarrik eros daitezke.

Webgunea: https://irun.wordcamp.org

Egitaraua: https://2019.irun.wordcamp.org/programa/

Sarrerak: https://2019.irun.wordcamp.org/entradas/


Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika