Udaleko Gizarte Zerbitzuetatik 215.932 bideratu dira gizarte-prestazio desberdinetarako aurten

Urr, 2020

Gizarte Zerbitzuen departamentutik bizitzen ari garen pandemia egoera honetan egiten ari den lanaren balorazioa egin du gaur goizean prentsaurrekoan Gotzone Larrarte Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak.

“Hasi baino lehen argi esan behar da Udaleko Gizarte Zerbitzuen Departamentuak lanean jarraitu duela etenik gabe, behar izan duten herritar guztiei laguntzeko, Udaltzaingoa eta BAZ bezala. Hala, COVID-19aren krisialdia hasi zenetik, Gizarte Zerbitzuetako departamentuak 193 Gizarte Larrialdiko Laguntza eta beste 29 famili laguntza tramitatu dituela aipatu nahiko nuke”.

“Gobernu Taldeak, beharra zuten hondarribiar guztiei lagundu ahal izateko, gizarte laguntzei dagokien aurrekontua bikoizteko erabakia hartu zuen. Hori hala izanik, iraila bitarte Udalak Gizarte Zerbitzuen bidez prestazioetarako bideratu duen kopurua 215.292’77 eurokoa izan da, eta urte bukerararte 265.855’20 euroko ordainketak onartuak ditugu. Horietatik 180.981’34 euro Gizarte Larrialdietarako laguntzetan erabili dira, beste 21.815’11 euro Famili Laguntzetarako izan dira eta 12.496’32 euro energia gastuetarako” zehaztu du Larrarte zinegotziak.

Etengabeko lanean

“Gizarte larrialdietako laguntzak kontzeptu hauetan eman dira. Lehen mailako premietarako 76, beste 68 alokairu gastuak ordaintzeko, energia gastuei aurre egiteko 66, mantenu gastuetarako 65, hipoteken gastuetarako 15, eta beste bakan batzuk etxebizitzako tresnerietarako adibidez”.

“Gizarte larrialdietarako laguntzen eskaerak ia bikoiztu egin dira aurten, 103tik 193ra hain zuzen. Iaz hilero media bezala 11 gizarte larrialdietarako laguntza bideratzen bagenituen, aurten ia 22 dira. Hilabete gogorrena apirila izan zen, 64 laguntzekin, maiatzean 21 bideratu ziren eta apurka jaisten joan dira irailean 2 bakarrik izan direlarik. Baliteke joera hau udazkenean aldatzea, eta zentzu horretan argi utziko nuke Udaletik prest gaudela beharra duten herritarrei laguntzeko” gehitu du Larrartek.

“Aipatutako gastuez gain, beharra duuen herritarrari begira interneterako konexioak ziurtatzeko inbertsioak ere egin ditugu, baita Caritas-en bidez elikagaiak erosi behar dutenengana heldu dadin, edota Gurutze Gorriaren bidez egin ditugun erosketa gehiago ere. Etengabe gabiltza lanean Gizarte Zerbitzuetan”.

"Irungo Udalarekin batera, aldi baterako ostatu-zerbitzuak eskaintzen ditugu Zubia Zentroan, etxebizitza-gabeziagatiko bazterketa-egoerak prebenitzeko eta horiei erantzuteko. Urte honetan, Hondarribiko Udalak 226.636'59 euro bideratu dizkio zerbitzu horri".

"Gizarte Zerbitzuen Sailak ahalegin guztiak egin ditu aurkeztu zaizkigun larrialdi-egoerei aurre egiteko, baina aipatutako guztiaz gain, esan behar da ere zerbitzu askoz gehiago eskaitzen direla. Orain ezinezkoa da denak zehazten hastea, baina adibidez kotizaziopekoak ez diren pentsioak kudeatzen dira, familia-inguruneko zaintzagatiko prestazio ekonomikoak, laguntza pertsonalekoak, telelaguntzakoak, eguneko zentroetako eta egoitzetako sarrera-eskaerak, genero-indarkeriaren biktimentzako laguntza zerbitzua... Departamentuan lan handia egiten da eta horregatik eskerrak eman nahi dizkiet Gizarte Zerbitzuen Saileko profesionalei, lan bikaina egiten ari baitira".

“Herritar guztiei gogorarazi nahi diet bere zerbitzura gaudela eta gurekin harremanetan jar daitezkeela 943111291 zenbakian. Bertan, informazioa jaso eta aholkularitza eskatu eta arreta pertsonalizatua eta integrala ematen zaie” amaitu du Larrartek.

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika