Udal egutegia, Irun "bizi-bizirik" agertzen den irudien bila

Urr, 2020

Irungo Udalak udal egutegi berri bat argitaratuko du 2021erako, herritarrek helarazten dizkioten irudiak baliatuz. Berriro ere, herritarren parte hartzeari esker, irundarrak eurak izango dira egutegiaren protagonistak, euren argazkien bidez; aurten, inoiz baino gehiago agian, Irungo kaleak jendez beteta eta bizi-bizirik gogorarazten dizkiguten irudiak biltzea baita asmoa.

Alkateak azaldu duenez, "2021eko hamabi hilabeteak Irunen gehien atsegin ditugun irudiez bete nahi ditugu: hiria jendez beteta eta bizi-bizirik ateratzen den irudiez; murrizketarik ez mugarik gabeko kaleen irudiez; oraintxe bertan COVID-19a dela-eta bizi dugun egoeraz harago jendea ospatzen, festetan, paseatzen edo terrazan zerbait edaten ageri den irudiez".

José Antonio Santanok adierazi duenez, "gure hiria zalapartatsu, jendez beteta, distantziarik gorde gabe, duela urtebete baino gutxiago gozatzen genuen eta denbora gutxi barru berriro ikusi nahiko genukeen bezala ikusteko poza gogorarazten diguten argazkiak bilatzea da kontua, noiznahikoak. Gustatzen zaigun eta bereizten gaituen hiri bizi eta dinamikoa gogora ekartzeko gonbidapena da".

Irungo Argazki Elkarteko presidente Gerardo Garciak argitu duenez, berriz, "aurten, kamera hartu eta kalera irten baino gehiago, agian, artxiboetan bilatu egin behar da, beste garai batzuetako argazkiak berreskuratzea baita kontua. Uste dugu edonork izan ditzakeela jaien, jardueren, ekitaldien edo, besterik gabe, gaur egun egin ezin ditugun lagun topaketen argazki onak".

Irungo Argazki Elkarteak urteak darama Udalarekin elkarlanean egutegia argitaratzeko, irudiak jartzen eta urteko hamabi hilabeteak ilustratuko dituzten hamabi irudien lehen aukeraketa egiten. Hain zuzen ere, herritarrek irudiak bidali, eta elkarteko kideek lehen aukeraketa egiten dute; gero, horien artetik ateratzen dira egutegiko hamabi hilabeteetarako irudiak.

Bihar, hilak 30, Udalak gune bat jarriko du bere web orrian, nahi dutenek irudiek bete beharreko gutxieneko baldintzak kontsultatzeko eta argazkiak bidaltzeko formulario bat betetzeko.

Informazio praktikoa

Bidalitako irudi guztien artetik HAMAHIRU hautatuko dira: HILABETE BAKOITZEKO BAT eta azalekoa. Argazkiak aurkezteko epea urriaren 30etik azaroaren 16ra bitartekoa izango da.

Argazkiek originalak izan beharko dute, inongo lehiaketatan saritu eta inongo komunikabide profesionaletan argitaratu gabeak, eta berez Irungo leku jakin batean koka daitezkeen argazkiak onartuko dira.

Aurten, kontuan izanik irundarrak izango direla protagonistak, arreta berezia jarriko da irudietan ageri diren adingabeetan, eta, horrela, adingaberik agertzen bada, egileak gurasoen baimena izan beharko du bere argazkia egutegian argitaratzeko.

Argazkiek .jpg luzapena eta formatu horizontala izango dute. Hazbeteko 250-300 puntuko bereizmena izango dute gutxienez, hautatuak badira editatuak izateko kalitate nahikoa izan dezaten, eta 30x20cm-ko luze-zabala izango dute, edo antzekoa.

Argazkiak Udalera bidaliko dira, esteka honetan. Parte hartzaileen ardura izango da aurkezten diren obretan hirugarrenen eskubiderik ez izatea eta irudi eskubideak direla-eta inolako erreklamaziorik ez aurkeztea.

Aurten, berritasun bat izango da: parte hartzaileek hiru argazki bidali ahalko dituzte gehienez. Hala ere, azken aukeraketa egiterakoan, egile bakoitzeko argazki bakarra aukeratuko da. Abendurako argitaratuko da egutegia, eta 11.000 ale kaleratuko dira.

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika