Uda berezirako, kultur agenda berezia

Abu, 2020

Irungo Udaleko Kultura sailak prest du udako agenda, egoera berrira egokitu behar izan dute ohiko eskaintza. COVID 19ak eragindako egoerari moldatzeko beharrezko segurtasun guztiak hartuko dituzte, eta ondorioz, agenda zertxobait murriztea erabaki dute. Halere, askotariko jarduera eta ekitaldiak eskainiko dituzte uztaila eta abuztua bitartean. Antzerkia, zinema, musika, erakusketak… Ez da aspertzeko tarterik izango.

Junkal plazatxoa izan da segurtasuna bermatzeko aukeratutako agertokietako nagusia. Bertan egingo dituzte aire zabaleko ekitaldi guztiak, bereziki ostegunetik larunbatera bitartekoak. Eremua hesituko du udalak, eta sarrerak kontrolatzen arituko dira. Maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango dela aurreratu dute udaleko iturriek. Junkalez gain, Oiasso museoak eta Amaia Kultur Zentroak ere zenbait jarduera jasoko dituzte.

Agendari ostegunean (hilak 16) emango diote hasiera ofiziala, 20:00etan, Mr. Kebab antzerkiarekin. Ostiralean aldiz, Como entrenar a tu dragon 3 filma proiektatuko dute Junkalen, 22:00etan. Asteburua biribiltzeko, larunbatean, Gain Gaineaneko parkeak Gira Bira programa jasoko du.

Datorren asterako ere badute zer eskaini. Ostegunean (hilak 23), Paton bikoteak kontzertu akustikoa eskainiko du Junkalen, 20:00etan. Hurrengo ostegunean (hilak 30) aldiz, La que hemos liado humorezko ikuskizuna eskainiko dute Bocabeats Comediako kideek, agertoki berean.

Abuztuko agenda

Abuztua ere jardueraz beterik dator. Honakoa da datorren hileko egitaraua:

Abuztuaren 16ra bitarte: XXXIV. Irungo Argazkilaritza Txapelketan aurkeztutako lanak ikusgai egongo dira Menchu Gal aretoan, asteartetik larunbatera 18:00etatik 21:00etara eta igande eta jai egunetan 11:30etik 13:30era.

Abuztuak 6 (osteguna): Amaia Adin bakarlariak kontzertua eskainiko du, 20:00etan, Junkal plazatxoan.

Abuztuak 7 (ostirala): Bizinema Bang Bang programaren saio bat, 22:00etan, Junkal plazatxoan.

Abuztuak 13 (osteguna): Voodoo Charms taldeak kontzertua eskainiko du, 20:00etan, Junkal plazatxoan.

Abuztuak 14 (ostirala): Hotel Transylvania 3 filma proiektatuko dute, 22:00etan, Junkal plazatxoan.

Abuztuak 15 (larunbata): Bildumazaletasunaren gaineko azoka, Zabaltza plazan, 10:00etatik 21:00etara.

Abuztuak 20 (osteguna): Korrontzi taldearen kontzertua, 20:00etan, Junkal plazatxoan.

Abuztuak 21 (ostirala): Gira Biraren bigarren saioa, Alaia Txokon.

Abuztuak 22 (larunbata): Yesterday filma proiektatuko dute, 22:00etan, Junkal plazatxoan.

Abuztuak 27 (osteguna): Cliche talde irundarraren kontzertua, 20:00etan, Junkal plazatxoan.

Abuztuak 28 (ostirala): Asterix, Edabe magikoaren sekretua filma proiektatuko dute, 22:00etan, Junkal plazatxoan.

Abuztuak 29 (larunbata): Euskadivarius orkestraren kontzertua, Amaia Kultur Zentroan.

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika