'Trending Topic Arkeolgia' konferentzia zikloa berreskuratu du Oiasso museoak

Ira, 2020

COVID-19agatik joan den martxoan bertan behera geratutako Trending Topic Arkeologia izeneko konferentziak berreskuratu ditu Oiasso Erromatar Museoak. Egungo egoerara egokituko dituzte saioak, neurri zorrotzak hartuko dituztela azaldu dute museoko iturriek. Konferentzia ziklorako, Miguel de Aranburu Elkartearen laguntza jaso du museoak.

Berreskuratutako lehen konferentzia Lorea Amondarain arkeologia doktoreak eskainiko du, datorren urriaren 8an (osteguna da), 19:00etan. Erromatarren garaiko 125.000 zeramika zati Oiasson izeneko solasaldi presentziala egingo dute. Honetan, 1992tik Irungo Santiago kaleko erromatar portuan aurkitutako piezen gainean ariko dira.

Amondarainen konferentziaren ostean, beste bi helduko dira, bat urrian eta bestea azaroan. Hauek dira:

Urriak 22 (osteguna da): II Errepublika garaian Gipuzkoako langileen langabezia arintzeko obra publikoak metodo bezala izeneko saioa eskainiko du EHUko Iñaki Etxaniz Tesourok, 19:00etan.

Azaroak 12 (osteguna da): Zer egiten du errota gurpil batek mendian? Harrobiak Jaizkibelen konferentzia eskainiko du EHUko Denis Alvarezek, 10:00etan.

Saio guztietan musukoa erabiltzea derrigorrezkoa izango da, eta partaideen arteko distantziak ere bermatuko ditu Oiassok. Gonbidapenak, museoan bertan eskuratu beharko dira.

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika