Tatuajez bete dute Martindozenea Gaztelekua

Aza, 2020

Radical izeneko erakusketa bat jasoko du larunbatetik (hilak 14) aurrera Irungo Martindozenea Gaztelekuak. Tatuajeen munduari eskaini dizkiote gaztelekuko hormak. Hiru taldetan banatu dituzte lanak: lehenengoan Andrea Costas artistak haurtzaroan egindako bost koadro aurki daitezke; bigarrenean tatuaje bat egiteko prozesua islatu dute; hirugarrenean tatuaje bilakatu diren bost bozeto jaso dituzute. Guztira, 15 lan zintzilikatu dituzte.

COVID-19ak eragindako egoera dela eta, soilik gaztelekuko erabiltzaileek ahalko dute erakusketa bisitatu, hortaz, gainerako herritarrak ezingo dira bertaratu. Esteka honetan bisita gidatua eskainiko du udalak, online bidez.

Gaztelekuko erakusketa guztietan bezalaxe, azken honen inaugurazio ekitaldian tailer bat eskainiko die Costasek hiriko gazteei.

Erakusketa abenduaren 4ra bitarte luzatuko dute.

Andrea Costas

2013an arte ederretan lizentziatu zen artista, EHUn. Ordutik, ilustrazioa, serigrafia edo pintura bezalako diziplinak landu ditu, baina eskulturan eta arkitekturan ere aritutakoa da. Egun Donostiako estudio batean egiten du lan.

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika