SARE KONPONTZAILEEN LANARI BURUZKO ERAKUSKETA ARMA PLAZAN ESTITXU ORTOLAIZEN ESKUTIK

Abe, 2018 Hondarribia, Arma Plaza, erakusketa

Datorren abenduak 18 bitarte, ARMA PLAZA Kultur eta Turismo Informazio puntuko bigarren solairuan ‘Hariya’ erakusketaz gozatzeko aukera egongo da. Irekiera ekitaldia larunbatean izan bazen ere, prentsaurrekoa atzo egin zen, eta bertan egon ziren Txomin Sagarzazu Alkatea, Maria Serrano Turismo arloko zinegotzia eta Estitxu Ortolaitz argazkilari hondarribiarra.

Txomin Sagarzazu Alkateak esan duenez, “Arrantzaleen Kofradiako sare konpontzaileen inguruko argazki erakusketa, Estitxu Ortolaiz argazkilari hondarribiarrak egindako arte lanek osatzen dute. Mailako erakusketa da eta ñabardura asko dituen lanbide bat nolakoa den erakusteko oso baliagarria. Orain Hondarribian ikus daiteke, baina aurrerantzean beste zenbait tokitan erakutsi ahal izateko urratsak ematen ari dira ere”.

Maria Serrano zinegotziak dioenez, “duela hilabete batzuk etorri zen Ortolaitz proposamen honekin, eta aztertzen hasita, oso interesgarria dela ikusi genuen. Argazkilarien lana balioan jartzeko Udaletik ematen ari garen beste urrats bat da”.

Estitxu Ortolaiz pozik zen erakusketarekin. “Martxoan hasi nintzen lan honekin, haseratik oso ondo hartu ninduten sare konpontzaileek. Hainbat izan dira egin beharreko sesioak baina pena merezi izan duela uste dut. Oso lan gogorra da, eta ezinbestekoa arrantzak aurrera egiteko. Nire omenaldia egin nahi nien eta orain herritarrek eta bisitariek lan honen inguruan gehiago jakiteko aukera izango dute”.

ARMA PLAZA astelehenetik larunbatera 10:00etatik 18:00tara irekitzen da eta igandeetan 10:00etatik 14:00tara.


Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika