SAN PEDRO ETA SANMARTZIALAK BIZI DUGUN EGOERARA EGOKITUTA OSPATZEKO PRESTATZEN ARI DA IRUN

Mai, 2020

Kultur arloak hilabeteak zeraman 2020ko San Pedro eta San Martzialetako egitaraua prestatzen, eta aurtengo jarduera eta ekitaldi ugari hitzartuta zeuden jada. Martxoaren erdialdean, ordea, alarma egoera deklaratu zen, dekretu bidez.

Ordutik, bizi dugun egoera eta murrizketak dena baldintzatzen ari dira, eta egitaraua egokitzeko lanean ari da Kultur arloak. Itxuraz, Urkullu lehendakariak berak eta lurralde mailako agintariek osasun agintarien gomendioei jarraikiz bidalitako irizpide eta gomendioak bateraezinak dira jai egitaraua ohi bezala antolatzearekin. Bide publikoan ekitaldiak egiteko baldintzak, kalean pilaketarik ezin sorrarazia eta, batez ere, segurtasuna (higiene eta urruntze neurriak bete eta betearazi beharra) aurtengo jaietako egitaraua eta egutegia baldintzatzen ari dira, Irunen eta gainontzeko udalerrietan.

Udal talde politikoekin elkarlanean eta horiekin koordinatuta barne lana egiteaz gain, gaur jai egitarauan parte hartzen duten gizarte, kirol kultur, gazte... elkarteekin bildu dira José Antonio Santano alkatea eta Juncal Eizaguirre Kultur arloko ordezkaria, aurreikusitako ekitaldiak eguneratu eta agenda egoerara egokitu beharraz ohartarazteko. Elkarteen iritzia bildu nahi du, zuzen-zuzenean: bakoitzak bere jarduera ezarritako mugen barruan aurrera eramateko asmoa duen edo bertan behera uztea aztertzen ari den. "Lanean jarraituko dugu, zentzuz eta ilusioz".

Kultur arloak "egoerara egokitutako" San Pedro eta San Martzialetako egitaraua lantzea erabaki du: ekitaldi batzuk desberdin egingo dira, sare sozialek eta Internetek ematen dituzten aukerak baliatuz; beste batzuk, aldiz, ezin izango dira egin.

Azkenik, programan parte hartzen duten entitateen jarrera ona eta ardura ezagutu nahi ditu alkateak. Irungo jaien zale amorratuak izanik, alde guztiek argi dute zer-nolako momentua bizitzen ari garen, eta egoera berri honetara egokitzeko erabateko prestasuna eskertzen da.

Auzoetako jaiak

Berriki, hiriko auzo elkarte guztietako presidenteekin bilera bat egin da, lantzen ari den neurriak aurreratzeko eta auzoetan ekitaldi eta jai batzuk egiteko mugen berri emateko.

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika