OSTIRAL HONETAN, DOKUIRUN ZIKLOAREN 2019ko EDIZIOAREN ESTREINALDIA, ISTORIO HANDIEI BEGIRA

Ots, 2019 Irun, Dokuirun, Amaia K.Z

Irungo Udaleko Kultura Arloak iragarri du noiz izango den Dokuirun zikloaren bigarren edizioa: dokumentalen ziklo bat da Dokuirun, ostiraletan Amaia Kultur Zentroan antolatzen dena. Bada, ostiral honetan izango da estreinaldia, otsailak 8, 20:00etan: 100 días de soledad.

Bigarren edizioko formatua estreinaldiko bera izango da:

Saio guztiak doakoak izango dira, baina gonbidapena eskuratu beharko da, Irungo turismo bulegoan (Colón ibilbidean) edo, sarrerarik gelditzen bada, pelikula bakoitza ematen den egunean bertan; alde horretatik, pertsona bakoitzak lau sarrera eskuratu ahalko ditu gehienez.

Saio guztiak ostiraletan izango dira, 20:00etan, Amaia Kultur Zentroan.

Saio guztietan, pelikula bakoitzeko lantalde tekniko edo artistikoko partaideren batek parte hartuko du. Saio bakoitzaren hasieran, pelikula aurkeztuko da, eta, bukaeran, mahai inguru txiki bat izango da.

Sei istorio handi

Otsailetik maiatzera bitartean, sei pelikula hauek proiektatuko dira auditoriumean –Amaia Kultur Zentroko urteko lehen seihilekoko egitarauaren protagonista ere izango dira neurri handi batean–:

100 días de soledad, otsailaren 8an

Dantza, otsailaren 22an

Desenterrando Sad Hill, martxoaren 15ean

Aralar, mundua leku den lurra, martxoaren 29an

Hondar 2050, apirilaren 12an

Un día más con vida, maiatzaren 3an

Inaugurazioko proiekzioari dagokionez, Kultura Arloak nabarmendu duenez, 100 días de soledad aurkezteko, ostiral honetan, José Díaz zuzendari eta protagonista izango da Irunen.

Dantza filmaren emanaldirako, berriz, otsailaren 22an, fotografiarik onenarentzako 2018ko Goya sariaren irabazle eta filmeko parte hartzaile Javier Aguirre izango da hemen.

100 días de soledad dokumentalaren sinopsia

José Díazek bere burua filmatu du, Redes parke naturalean (Asturiasen) daukan txabolan bakartuta, ehun egun luzez. Bitarte horretan, aski izan du bere burua, eta mundu errealetik eta haren aurrerapenetatik erabat deskonektatu da: ez du izan elektrizitaterik, ez sakelakorik, ez telebistarik, ez ordenagailurik, ez erlojurik, ez ezer; besterik gabe, gizona, naturarekin.


Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika