OIASSO MUSEOAK DOAKO JARDUEREN EGITARAU BAT PRESTATU DU MUSEOEN NAZIOARTEKO EGUNA OSPATZEKO

Mai, 2019

Maiatzaren 18a Museoen Nazioarteko Eguna da. Museoen Nazioarteko Kontseiluak kudeatzen du proposamen hori, eta halabeharrezko hitzordu bilakatu da Oiasso Museoarentzat. Aurtengo leloa “Museoak, kulturaren ardatz: tradizioaren etorkizuna” da, eta proposamenak hausnartzera gonbidatzen du: museoek beren komunitateetako eragile aktibo gisa betetzen dituzten eginkizun berriez hausnartzera; alegia, Oiasso Museoaren rol nagusietako batez gogoeta egitera.

Museoen Nazioarteko Kontseiluaren esanetan, “museoak birsortzen ari dira, interaktiboagoak izateko; bisitariengan jartzeko arreta; komunitateari begiratzeko; malgu, egokigarri eta mugikorrak izateko. Kulturaren ardatz bihurtu dira, eta plataformen gisara funtzionatzen dute; sormena ezagutzarekin konbinatzen duten plataformak, non bisitariek kosortu eta partekatu egin dezaketen eta non interakzioa izan dezaketen”.

Kezka horiek Oiasso Museoaren eguneroko jardunean presente dauden adierazgarri, Arkeo&Art artisten egonaldia, Arkeolab tailerra eta antzeko beste proposamen batzuk: Arkeo&Art egonaldiaren esparruan, memoria historikoari eta sorkuntza artistikoari buruzko partaidetza tailer bat antolatu zen, eta, Arkeolab tailerraren bidez, berriz, arkeologoen lanean murgildu daitezke bisitariak, indusketa didaktiko batean eta laborategi batean.

Ateak zabalik

Gure komunitatera hurbiltzeko tresnak bilatzen jarraitu nahian, ateak zabaltzeko jardunaldi bat proposatzen dugu. Maiatzaren 18an izango da, larunbatarekin, eta, ordurako, hainbat jarduera proposatuko ditugu, doan. Gainera, museora hurbiltzen diren haur guztiek oso opari berezia jasoko dute: Oiassoko Pico Pico jokoa (erromatarren munduari buruzko galde-erantzunak).

Hona hemen xehetasunak:

- Ateak zabaltzeko jardunaldia: Museoa ezagutzera eta gaur egun zabalik dauden aldi baterako bi erakusketak (“José Latova. Berrogei urte Espainiako argazkigintza arkeologikoan” eta “Portuoria”, Labore sorkuntza artistikoko bekaren emaitza) ikustera hurbildu nahi duten guztiek doako sarrera izango dute.

- Bisita gidatua Ama Xantalen ermitara eta nekropoli erromatarrera: Aukera paregabea 2.000 urtetik gorako historia duen ondarezko leku bat ezagutzeko, interesa duen ororentzat, 11:00etatik 12:00etara bitartean –toki kopurua mugatuta dago, eta beharrezkoa da aurrez izena ematea–. Hasi erromatarren garaiko ehorzketa urnetatik eta buka Erdi Aroko ermitan, Ama Xantalen hildakoak ehorzteko eta gurtzarako toki izan zen mendeetan.

- Bisita komentatua “José Latova. Berrogei urte Espainiako argazkigintza arkeologikoan” erakusketara, helduentzat, 12:00etatik 13:00etara bitartean –toki kopurua mugatuta dago, eta beharrezkoa da aurrez izena ematea–: José Latovaren argazkien alderdi estetikoa ikusle guztien eskura dago, baina, bisita komentatuari esker, gure iraganean murgildu daitezke ikusleak, eta ibilaldi interesgarri bat egin azken berrogei urteetako arkeologiaren alderdi nagusietan eta aztarnategi arkeologikorik ikusgarrienetan barrena.

-Arkeolab tailerra, haurrentzat eta familientzat, 12:00etatik 13:30era bitartean –toki kopurua mugatuta dago, eta beharrezkoa da izena ematea–: Parte hartzaileak arkeologo bihurtuko dira egun batez, eta arkeologiaren mundu liluragarrian murgilduko dira. Induskatu egingo dute, aurkikuntzak egin, manipulatu, esperimentatu, hausnartu… eta gure laborategi didaktikoan aurkitzen dituzten materialak aztertu.

Informazio gehiago lortzeko edo toki kopuru mugatua duten jardueretan izena emateko, 943 639 353 telefono zenbakira deitu daiteke, edo actividades.oiasso@irun.org helbide elektronikora idatzi.


Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika