OIASSO ERROMATAR MUSEOAK JARDUERA PROGRAMA HANDIA IRAGARRI DU UDA OSTERAKO

Ira, 2018 Irun, Oiasso Museoa, udazkena

Oiasso Erromatar Museoak, ikastaroen eta jarduera paraleloen programaren barnean, 'Erromako Arkeologia' ikastaroa antolatu du datozen hilabeteetarako. Uda osterako jardueren agendan jasotakoetan nabarmenduenetako bat da ikastaro hori, eta Kulturako ordezkari Juncal Eizaguirrek eta jardueren arduradun Maria Jose Noainek azaldu dute astelehen honetan egin den prentsaurrekoan.

Alde batetik, 'Erromako Arkeologia I' aurkeztu da, eta honek Antzinako Grezian oinarritutako aurreko ikastaroari emango dio txanda. Eskolak bi txandatan emango dira; beti bezala astearteetan izango dira, 18:00etatik 19:00ak arte (urriaren 2an hasita) eta baita ostegunetan ere (irailaren 27an) 11:00etatik 12:00etara, aukera hori orain dela gutxi zabaldu da aurreko edizioetan eskari handia izateagatik. Txanda bakoitzean 10 saio aurreikusi dira, eta parte hartzeko ez da aldez aurretik alorrean ezagutzarik izan behar, Antzinako Erromarekiko interesa izatea besterik ez da eskatzen.

Ikastaroaren edukiei dagokienean, Noainek adierazi du aurkikuntza arkeologikoen eta aztarnategi esanguratsuenen bidez, errepaso oso bat egingo zaiela Antzinako Erromako historiari eta arteari, arkitektura, eskultura, pintura, mosaikoak edo eguneroko bizitza bezalako alderdiak landuz. Izena emateko epea irailaren 11n zabalduko da eta zabalik egongo da plaza guztiak bete arte. Izena emateko, Oiasso Museoko harrera gelara joan behar da edo 943.63.93.53 telefono zenbakian plaza gordetzeko eskaera egin. Ikastaroaren prezioa 55 euro dira.

'Mulieres' erakusketa

Gainera, Maria Jose Noainek gogora ekarri du iraila izango dela 'Mulieres: erromatar emakumeak' erakusketa aparta ikusteko azken hilabetea. Erakusketa hori Oiasso Museoan ikusgai dago joan den ekainaz geroztik, eta Meridako Erromatar Artearen Museo Nazionaletik etorritako balio handiko materialak erakusten ditu erromatarren garaian emakumeak zuen presentziari buruz.

Hilabetea bukatu baino lehen bi ekintza egingo dira erakustaldira egindako bisitaren jarduera osagarri gisa. Alde batetik, irailaren 28an, Museoko zuzendari zientifiko Elena Torregarayren eskutik, antzerki bihurtutako bisita proposatuko da, eta hartan Amaia Rodríguez aktoreak hartuko du parte Antzinateko emakumeei ahotsa emanez. Jarduera honek jarleku kopuru mugatua izango du (30 jarleku), eta aldez aurretik izena eman beharko da. Prezioa 4 euro izango da pertsona bakoitzeko.

Era berean, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen dituen Ondarearen Europako Jardunaldien esparruan, datozen egunetan instalazio bat aurkeztuko da, 'Mulieres: erromatar emakumeak' erakusketaren bisitaren osagarri gisa. Elementu grafiko batzuk izango dira "Antzinako Erroman beren ahotsa zuten emakumeak" izenburuarekin, eta haien bidez xehetasun handiagoz ezagutu ahal izango dira Antzinateko emakume batzuen garrantzi soziala, ekonomikoa eta abar. Horrenbestez, Oiasso Erromatar Museoak 'Mulieres' erakusketaren edukiekin lotuko ditu bere jarduera paraleloetako batzuk. Salbuespen gisa, irailean, erakusketa eta instalazioa doan ikus daitezke 18:00etatik 20:00etara.

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika