OIASSO ERROMATAR MUSEOA ETA LAPURITURRI UDABERRIRAKO PREST

Mar, 2018 Irun, Aste Santua, Oiasso Museoa, Lapuriturri

Oiasso Erromatar Museoak eta Lapurriturriko informazio puntuak datozen asteetarako prestatu dituzten jardueren programa ezagutarazi dute, Aste Santua eta eskolako oporraldiak ardatz hartuta. Horrela, hilabete honen amaieratik aurrera, Museoko agendaren barruan, haurrentzako tailerrak, irtenaldiak eta bisita gidatuak eskainiko ditu Oiassok, eta Lapurriturriko informazio puntuak, berriz, zeina Aiako Harria natur parkearen sarreran dagoen, aurtengo denboraldiari ekingo dio hilabete honetan.

Txikienentzat, Oiasso Museoak Erromari buruzko hiru tailer programatu ditu, 6 eta 8 urtetik gorako haurrentzat: apirilaren 3an, 4an eta 5ean izango dira, 11:00etatik 13:00etara bitartean.

Lehena mosaiko tailerra izango da, 6 urtetik gorako haurrentzat, apirilaren 3an, asteartearekin: parte hartzaileek mosaikoaren teknika ikasiko dute, eta mosaiko bat egin, tesela txikiak erabiliz, eta, gainera, Antzinateko mosaiko nagusiak ezagutuko dituzte. Apirilaren 4an, asteazkenarekin, berriz, Arkeolab: arkeologoaren tailerra egingo da, 8 urtetik gorako haurrentzat: parte hartzaileek esperimentatuko dute zer sentitzen den indusketetan aurkitutako objektuak laborategian ikertzerakoan. Azkenik, apirilaren 5erako, museoko app-a erabiltzen ikasteko tailer bat antolatu da, "Herkulesen 12 probak", 8 urtetik gorako haurrentzat: parte hartzaileek paseo birtual bat emango dute museoan barrena, eta, tartean, erronka edo proba txikiei aurre egin beharko diete.

Tailer eta pertsona bakoitzeko prezioa 4 eurokoa izango da, eta toki kopurua mugatuta egongo da. Horregatik, erreserbatu egin behar da lekua, ohiko bideetatik: museoko harreran, Internet bidez (info-oiassomuseo@irun.org helbide elektronikoan) edo 943639353 telefono zenbakira deituta.

Tailerrekin batera, meategietako trena itzuliko da Aste Santuan, Irugurutzetako mea barrutia (meategiak eta kiskaltze labeak) ezagutzeko. Zehazki, egun hauetan ibiliko da trena, 11:00etan betiere: martxoaren 29an, ostegunarekin; apirilaren 1ean eta 8an, igandearekin; eta apirilaren 2an, astelehenarekin.

Aste Santuan berriz ere izango den beste aukera bat Ama Xantalengo nekropoliko bisita izango da, aztarnategi garrantzitsu hori ezagutzeko; izan ere, bertan azaldu zen Oiasso hiriko nekropolia (100 urnatik gora, ostilamendu eta guzti). Egun hauetan izango dira bisitak, 11:00etatik aurrera betiere: martxoaren 30ean eta apirilaren 6an, ostiralarekin, eta martxoaren 31n eta apirilaren 7an, larunbatarekin.

Jarduera bakoitzak 5,50 euro balioko du pertsona bakoitzeko, eta aurretik eman beharko da izena, ohiko bideetatik, toki kopurua mugatuta egongo baita.

Azkenik, Oiasso Erromatar Museoak gogorarazi duenez, Aste Santuan zabalik jarraituko du "Oiasso: elkarrekiko istorioen gune bat" erakusketak. Hallean dagoen instalazio artistiko bat da, bestelakotasun funtzionala duten taldeekiko sorkuntza tailerretatik sortua; istorioak kontatzeko ariketa bat, sorkuntza plastikoa darabilena arteterapian oinarritutako esperientzia gisa.

Lapurriturri

Lapurriturriko informazio puntua, zeina Aiako Harria natur parkearen sarreran dagoen, prest dago jarduera denboraldiari ekiteko. Ohikoa denez, Aste Santua dela-eta, aurreratu egingo du ateak zabaltzeko eguna, eta, udako hilabeteetan ez ezik ?orduan programatzen ditu irtenaldiak?, aurten, martxoaren 29tik apirilaren 2ra bitartean egongo da zabalik, 10:00etatik 14:00etara bitartean.

Instalazioan, bisitari guztiek informazioa jaso dezakete, paperean, eta gidak, berriz, natur parkeari, bost ibilbide tematikoei (elur putzuei, meatzaritzari, ikazkintzari, gerrei eta florari, faunari eta urari) eta inguruko eskaintza turistikoari buruzko azalpenak ematen ditu.

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika