NEPAL PROTAGONISTA IZANGO DA OSTIRALEAN ITSAS ETXEA AUDITORIUMEAN

Urt, 2021

Datorren ostiralean, urtarrilaren 22an eta 18:30ean, ekitaldi berezi bat antolatuko da Itsas Etxea Auditoriumean. Nepaldala Gobernuz Kanpoko Erakundeak antolatuta, Edurne Pasabanen ‘Chhaupadi’ dokumentala ikusi ahal izango da, eta era berean, erakunde honen aurkezpen publikoa egingo da.

Honen berri emateko agerraldia egin dute gaur prentsaurrekoan Itsas Etxea Auditoriumean bertan erakundea osatzen duten Aitziber Alza, Miren Beroz eta Olatz Lasak, eta Juan Luis Silanes eta Gotzone Larrarte, Udaleko Kultura eta Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak, hurrenez hurren.

Silanesek esan duenez, “Udalak antolatzen duen kultur agendaren barnean ekitaldi berezia izango dugu ostiralean. Edurne Pasabanen ‘Chhaupadi’ dokumentala ikus ahal izango da, eta bide batez, Bidasoa bailaran sortutako Nepaldala Gobernuz Kanpoko Erakundearen berri emateko balioko digu”.

Gotzone Larrartek “ongietorria” eman die “Nepaldala GKEko kideei. Dei egin nahi diet herritarrei ostiraleko ekitaldira hurbiltzeko, oso interesgarria izango da eta”.

Miren Berozek honakoa gehitu du. “Nepaleko neska gazteen egoera hobetzea da gure asmoa, beti hezkuntza gidari bezala erabiliz. Une hauetan 9 neska dauzkagu, Katmandu hiriburutik bost egunetara dagoen herri txiki batean. Neska gazteen egoera oso kaxkarra da, etorkizun oso gutxikoa, eta gure eskuetan dagoena egin behar dugu haiei lagundu ahal izateko”.

“Eskerrak eman nahi dizkiogu Udalari laguntza guztiak eskaini dizkigulako ostiraleko ekitaldirako. Gure asmoa egiten dugun lana ahalik eta gehien ezagutaraztea da, hala baliabide gehiago lortuko ditugulako laguntzeko” amaitu du Berozek.

Elkarteari buruzko informazio guztia, www.nepaldala.org gunean.

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika