MARY SHELLEYREN FRANKENSTEIN PROTAGONISTA ZULOAGA ETXEAN URTE AMAIERARARTE

Ira, 2018 Hondarribia, Liburutegia, Frankenstein, Mary Shelley

Mary Shelleyren “Frankenstein edo Prometeomodernoa” eleberriaren argitalpenaren 200. urteurrenaren harira, Udal Liburutegiak jarduera egitarau zabala antolatu du datorren hiruhilekorako: film emanaldiak, solasaldiak, haurrentzako tailerrak, erakusleihoak atontzeko egitasmoa, etab… Egitasmoa gaur aurkeztu da Zuloaga Etxean, eta han izan dira Juan Luis Silanes Kultura zinegotzia, Kote Guevara udal liburuzaina, eta Leire Cano, Ereiten Kultur Zerbitzuetako ordezkaria.

“Udal liburutegiko langileei eskertu nahi diet ekimen interesgarri hau egiteko egin duten lan bikaina. Datozen hilabeteetarako oso agenda oparoa antolatu da, erakusketa, film emanaldi, solasaldi, haurrentzako jarduera eta tailer eta hiriko zenbait saltokitan jarriko diren erakusleihoekin” dio Kalixa Silanes Kultura zinegotziak.

“Udazken honetan, erakusketa bat izango dugu ikusgai” dio Kote Guevara liburuzainak. “Liburutegian bertan, Victor Frankenstein zientzialariari eta hark sortutako izenik gabeko izakiari eskainitako materiala topatuko duzue, eta, bide batez, pertsonaia hauek sortu zituen egileari omenalditxo bat egin nahi izan diogu, errealitatean, izaki beldurgarriaren itzalak idazlea bera estali zuela esan bailiteke”.

“Munstroaren inguruan egin diren askotariko interpretazio eta egokitzapenei esker, denetik topatuko duzue aipatutako erakusketan: argitalpenak, liburuak, komikiak, aldizkariak, filmak, kartelak eta beste euskarri batzuk. Aipagarria da, bestalde, Koldo Mitxelena Kulturguneko Komikiguneko funtsetatik jaso dugun materiala” gehitu du Guevarak.

Ereiten Kultur Zerbitzuetako Leire Canok esan duenez, “ziklo hau itxuratzeko, herriko eta eskualdeko hainbat kultura-eragilerekin aritu gara lankidetzan: artistak, tailerrak, ikasleak, merkatariak, etab”.

“Erakusketa, esaterako, Judas Arrietarekin eta Menina Tailerreko lagunekin egindako elkarlanaren emaitza da, besteak beste (Santa Maria Madalena Arte Tailerreko kideek haurrei zuzendutako jarduera bat eskainiko dute), eta artista horien lanez gain, Elena Odriozola ilustratzaileak –Euskadi Saria (2009 eta 2013) eta Ilustrazio Sari Nazionala (2015) – Frankenstein libururako diseinatutako paperezko figurak eta antzokitxoa nabarmenduko genituzke”.

Esku programa osoa hemen

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika