BIHAR ABIATUKO DA HONDARRIBIKO BLUESALDIA

Uzt, 2017 Hondarribia, Hondarribia Blues, kontzertuak, egitarua, 2017

Bihar, indar osoz abiatuko da Bluesaldiaren hamabigarren edizioa: hogeita lau kontzertu, lehen mailako hamasei banda eta artista eta sarrerak dohainik. Generoaren aldaera guztiak hartu ditu aintzat aurtengo egitarauak: Mississippiko blusa, larreko bluesa, soula eta funka, besteak beste. Artista handien zuzeneko ikuskizun aparta.

Belceblues taldeak 11:00etan emango dio hasiera Bluesaldiari, txikienak Itsas Etxeko auditoriora eramango dituen kontzertu pedagogiko arrakastatsuaren bidez. Bentako agertokian, 21:30etan, berriz ere Belceblus taldea izango da ilunabarreko emanaldiari hasiera emango diona . Ondoren, 22:30etan, Zac Harmon izango dugu oholtzan, Mississippiko bluesman handia. Gauerditik aurrera Stars From The Commitments taldeak jardungo du soularen eta rhythm&bluesaren klasiko handiei omenaldi bat egiteko.

Ostiralean, hilak 14an, Arma Plazan, JW Jones izarra ikusi ahal izango dugu bertatik bertara, eta ondoren Goierriko Star Blues taldeak emango dio hasiera gauari Bentako oholtza nagusian. Ondoren etorriko dira Louissianako hegoaldeko bluesman Kenny Neal eta bere gitarra eta, gauari amaiera emateko, Igor Prado Band talde brasildarra, Willie Walker eta Raphael Wressing artistekin batera jardungo duena.

Larunbatean emanaldi nagusiak

“Mojo Blues. Superstizioa bluesean” izenburuko solasaldi-emanaldiak abiaraziko du hilak 15eko, larunbateko egitaraua. Héctor Martínez musikari eta blues ikerlariak gidatuko du solasaldia, eta Fernando Beiztegui izango du lagun gitarran. Herri barbakoaren ostean iritsiko da The Black Snackes eta Igor Prado Band taldeen txanda, erritmoa emango diete Blues Villageko betiko mahai oste biziei.

Bluesaldiko egun nagusia izango den aldetik, ilunabarrean/gauean bilduko dira talde entzutetsuenak hainbat agertokitan: Headline Blues Band suediarrak; Marco Marchi & The Mojo Workers taldearen artisau musika jatorra; White Towels Blues Band gipuzkoarrak; ereduak urratzeko izango dugu JW Jones Charlie Baty handiarekin batean, eta eguna biribiltzeko, James Brown apartaren kontzertuen errepertorio osoa duen The JB’s James Brown Original Band taldea.

Igandean, hilak 16an, Granujas a todo ritmo Diexie Band banda ibiliko da goizez eta arratsaldez hiriko kaleetan barrena, espezialistak dira mundu guztia dantzan jartzen. Herri bazkariko paella jan eta gero, White Towels Blues Band bandak eta JW Jonesek jardungo dute Bentako Blues Villageko oholtzan. Ilunabarrean/gauean Annika Chambersen ahots boteretsuaren eta The Black Snakes larreko blues taldearen txanda izango da, eta azkenik, bluesaldian parte hartutako artistekin eta Headline Blues Band bandarekin, urtero egin ohi den jam session saioak emango dio amaiera Jaialdiari.

Hondarribia Blues 2017 saria

Txapel brodatua Charlie Baty estatubatuarrarentzat izango da aurtengoan. Izarra dugu bluesaren munduan eta bere belaunaldiko blues gitarra jotzailerik onenetakoa da. 1976an “Little Charlie & The Nightcats” banda sortu zuen. Charliek jasoko du aurten Jaialdiko ohorezko saria, larunbatean, hilak 15ean, 22:30etan, Bentako agertoki nagusian. Lagun izango du beste gitarrista handi bat, JW Jones gazte kanadarra, zale askok gogoan izango dutena 2012an Hondarribiko Bluesaldian izan baitzen eta arrakasta handia izan baitzuen.

Itsas Etxeko auditorioa, Bentako agertoki nagusia eta Blue Villagko oholtza, Arma Plazako Carlsberg agertokia eta San Pedro kaleko Coca Cola oholtza izango dira musika hitzorduetarako prestatutako puntuak.

Ekialdebusek gaueko autobus zerbitzu berezia jarriko du

Beste edizioetan bezala, E77 (Irun, Errenteria, Pasaia, Donostia), E78 (Irun) eta E21 (Donostia autopistaz) lineak ibiliko dira. Informazio gehiago helbide hauetan: www.ekialdebus.eus eta twitter @ekialdebus


Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika