SAN MARTZIAL HAUETAKO KONTZERTUAK

Eka, 2017 Conciertos, Irun, Fiestas, Mägo de Oz, Ken Zazpi, Los Secos

Hastear dira 2017ko San Pedro eta San Martzialak. Urtero bezala, jardueren agenda nahiko beteta dator, eta, horregatik, egun hauetako kontzerturik aipagarrienak nabarmentzea erabaki dugu. Hona hemen informazioa.

Ekainaren 23an, ostiralarekin, sua piztuko da, eta Mateo Vergara showmanak hasiera ofiziala emango die jaiei, udaletxeko balkoitik agurra eginda. Egun berean, ordea, Euskal Herrian jende gehien erakartzen duten taldeetako bat ere izango dugu, zuzenean: Ken Zazpi. Eñaut Elorrietaren taldeak 00:00tik aurrera joko du, Urdanibia plazan.

Ekainaren 24an, larunbatarekin, herri bazkaria eta haur danborrada izango dira, eta, gauean, kalejirez eta auzoko erromeriez gain –adibidez, Dunboan izango da bat–, musika emanaldi nagusia La Popteleta taldearena izango da. 1970eko, 1980ko eta 1990eko hamarkadako Espainiako popa omentzen du talde horrek, eta Urdanibia plazako agertokian joko du, 00:15etik aurrera.

Igandean, Gaztegunea inauguratuko da, Santiagoko frontoian. DJak, parkour tailerrak, grafitiak… izango dira bertan, eta, 22:30ean, Huntza Bilboko taldeak joko du, zeina Aldapan gora abestiagatik den ezaguna. 19:00etan, Amaia Kultur Zentroan, berriz, Luis Mariano Lirika Elkarteak Luisa Fernanda lana emango du zarzuelazaleentzat.

Ekainaren 26an, astelehenarekin, musika izango da berriro ere protagonista Gaztegunean: 21:00etatik aurrera, Twin Melody entzuteko aukera izango da, eta, 21:30etik aurrera, DJ Oihan Vega arduratuko da jendea animatzeaz.

Ekainaren 27an, asteartearekin, 21:00etatik aurrera, Peña Poteo txarangak San Juan plaza eta ingurua girotuko ditu. Gaztegunean, berriz, Brigada Improductiva taldearen kontzertua izango da, 21:00etatik aurrera, eta, 22:30etik aurrera, perkusio ikuskizun bat, Zo-Zongó taldearen eskutik.

Azkenik, ekainaren 28an, asteazkenarekin, su artifizialak botako dituzte, 00:15etik aurrera, Santiagoko bidegorritik, eta, gainera, Mägo de Oz madrildar taldeak kontzertua emango du, 00:30etik aurrera, Los Secos irundarren ondoren.

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika