"LEIHO BAT ZABALIK" DISKO BERRIA AURKEZTUKO DU JABIER MUGURUZAK OIASSON

Ots, 2018 Irun, Javier Muguruza, concierto, Oiasso

Irungo Udaleko Kultura arloak jakinarazi du larunbatean (otsailak 24), 19:00etan Jabier Muguruza Oiasso Erromatar Museoan egongo dela "Leiho bat zabalik" goiburuko lan berria jendartean aurkezteko. Kantautore irundarraren hamabosgarren diskoa da eta oholean, berarekin batera, Ander Mujika gitarra-jotzailea izango da. Sarrerak 6,25 euroko prezioan lortu ahal dira Oiasso Erromatar Museoan. 100 pertsonarentzako tokia dagoela aurreikusten da.

"Leiho bat zabalik"

Jabier Muguruzaren disko berriak, 15.a kantautore moduan, aldaketa nabarmena dakar instrumentazio aldetik: urte luzeetan lagundu dion oinarri akustikoa alde batera utzi, eta gitarra elektrikoak (Ander Mujika) eta elementu elektronikoak (“Carasueño”) ditu ardatz oraingo honetan; modu horretara, soinu-paisaia berri batera eramaten du obra.

Bi musikari nagusi horiez gain, Mireia Otzerinjauregiren ahotsa dago, eta gonbidatu gisa, Miren Iza kantaria (Tulsa). Hala ere, eta aldaketak aldaketa, Jabierren jarraitzaileak berehala ezagutuko ditu bere ohiko estiloa eta nortasuna: tempo lasaiak, hitz intimistak belarrira xuxurlatuak, dotorezia melodietan, emozioen alkimia...

Hitzak, ohizko kolaboratzaileenak dira oraingoan ere (Iñaki Irazu, Gerardo Markuleta, Lourdes Oñederra, Jose Luis Padron, Harkaitz Cano), gehi, aspaldiko partez, Iban Zaldua eta Angel Erro, eta, aurreneko aldiz, Iñigo Astiz. Bestalde, esan beharra dago musika guztiak Jabierrenak direla.

Grabaketa, bi fasetan burutu da: lehenengoa (ahotsak eta gitarrak), Beran, Atala estudioan, Iñigo Irazokiren eskutik, eta bigarrena (elektronika eta nahasketak), Zaragozan, “Carasueño”ren ardurapean.

Jabier Muguruza

Irungo kantaria behin eta berriz errepikatzen ari den gisan, kulturarako garai ilun hauetan, ilusioa eta gogoari eusteko apustu kementsua da orain aurkezten duen “Leiho bat zabalik” hau.

Irunen jaio zen, 1960an, eta bost urte zituela musika munduan murgildu zen, akordeoia jotzen. Hainbat urtez kontzertuak ematen aritu ondoren, proiektu musikal ezberdinetan parte hartzen hasi zen, rock eta kantautore munduan: Zarama, Imanol, Kortatu, Antton Valverde, Xabier Lete, Delirium Tremens...

1989an, bide pertsonalago bati ekinez, haurrentzako diska bat grabatu zuen. 1990ean Les Mecaniciens pop-taldea sortu zuen, modu horretara hiru lan kaleratu zituelarik. Era berean, Joxe Ripiauren partaide ere izan zen hainbat urtez.

Kantautore gisa 93an hasi zen lanean, eta orain arte hamabost disko kaleratu ditu. Hainbat disko-liburu eta obra kolektibotan ere parte hartu du, hala nola Bernardo Atxagaren inguruan, Jackson Browne eta Leonard Cohenen omenezkoetan...

Jabier Muguruzak Euskal Herritik kanpoko zirkuitoa ireki eta zabaltzea lortu du, euskeraz. Espainiar estatuan presentzia sendoa izateaz gain (Katalunian bereziki), lan egin du Frantzian, Alemanian, Erresuma Batuan, Brasilen, Estatu Batuetan, Polonian, Marokon, Italian...

Literatur lanari dagokionez, 90. hamarkadaren hasieran Emak Bakia literatur klubeko sortzaile izan zen, beste hainbat idazlerekin batera. Haur eta helduentzako literatura argitaratu du ordudanik.

"Hain Guapa Zaude", euskal diskorik hoberena izendatu zuen “Academia de las Ciencias y Artes de la Musica” delakoak, 2002ko Musikaren Sarietan. Sari bera jaso zuen Academiatik 2006an eta 2008an. 2014an, “Barnasants Saria” jaso zuen, urte hartako edizioan emandako kontzertu onenari, ehundik gora proposamen egonda. 2016an, euskerazko diskorik onenaren saria eman zioten “MIN sarietan”.


Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika