LEHEN MAILAKO IZARREZ BETERIKO PROGRAMA, KALEKO EGITARAU OPAROAGOAREKIN, AURKEZTEN DIGU HONDARRIBIKO BLUESALDIAK

Eka, 2017 Hondarribia Blues Festival, musika, afitxa, Charlie Baty

Guztira hamasei bandak eta bluesari emandako hamarnaka artista handi bilduko dira Txingudiko badiaren bazterrean Hondarribiko Bluesaldiaren hamabigarren edizio honetan, datorren uztailaren 13tik 16ra bitartean, biak barne. Lau agertokitik igaroko dira bluesaren munduko izar hauek, eta guztira 24 emanaldi eskainiko dituzte, kontzertu guztiak doan.

Programa gaur aurkeztu da ofizialki Donostian, eta bertan izan dira Hondarribiko alkate Txomin Sagarzazu, GFAko Kultura Saileko Proiektu Estrategikoen zuzendaria Patxi Presa eta bluesaldiko zuzendari Carlos Malles.

Nortasun agiritzat kalitatea duenez, Jaialdi honetatik igaroko dira nazioarteko blusean oso leku nabarmena hartzen duten izenak, nazio mailako bandak eta Euskal Herriko hiru banda, eta betiko hitzorduak izango dira kontzertu pedagogikoekin eta herri bazkariekin. Eta ba dira aipatzekoak diren bi berrikuntza: batetik, berriz ere itzuliko gara kaleko formatura hiriko kaleetan barrena ibiliko den dixie band batekin; eta bestetik, “Mojo Blues. Superstizioa blusean” izenburuko solasaldi-emanaldi bat eskainiko da musika estilo horren eta bere letren eta magiaren artean dagoen lotura aztertzeko.

Formula arrakastatsua

“Jaialdi honek beti egin du nazioarteko bluesaren izen handiak gure herrialdean dauden banda eta bakarlari bikainekin eta Euskal Herrian bertan dauzkagun bandekin uztartzearen aldeko apustua", azaldu du Jaialdiko zuzendari Carlos Mallesek, "eta agerian utzi du eutsi behar diogun formula arrakastatsua dela. Kalitatea dugu lehen helburutzat programa osatzeko garaian.”

“Eta bestetik, guretzat oso garrantzitsua da zaleek jaialdi hau barru-barrutik sentitzea”, gehitu du Mallesek. “Hondarribiko Bluesaldia barru-barrutik bizi den jaialdia da, horregatik dira kontzertuak doan, horregatik antolatzen dira jende asko biltzen duten bazkari-kontzertuak, horregatik daude oholtzak hiri osoan barrena barreiatuta, eta horregatik eskaintzen dira adin guztietarako ikuskizunak. Zalantzarik gabe, ikus-entzuleek eskertu egiten dute ahalegin hori, horren erakusgarri dugu urterik urte erakusten diguten babesa.

Hondarribia Blues 2017 saria

Txapel brodatua Charlie Baty estatubatuarrarentzat izango da aurtengoan. Izarra dugu bluesaren munduan eta bere belaunaldiko blues gitarra jotzailerik onenetakoa da. 1976an “Little Charlie & The Nightcats” banda sortu zuen. Charliek jasoko du aurten Jaialdiko ohorezko saria, larunbatean, hilak 15ean, 22:30etan, Bentako agertoki nagusian. Lagun izango du beste gitarrista handi bat, JW Jones gazte kanadarra, zale askok gogoan izango dutena 2012an Hondarribiko Bluesaldian izan baitzen eta arrakasta handia izan baitzuen.

Itsas Etxeko auditorioa, Bentako agertoki nagusia eta Blue Villagko oholtza, Arma Plazako Carlsberg agertokia eta San Pedro kaleko Coca Cola oholtza izango dira musika hitzorduetarako prestatutako puntuak. Aurtengo edizioari Belceblues gipuzkoar taldeak emango dio hasiera, kontzertu pedagogiko bat eskainiko du. Egun horretan bertan errepikatu egingo dute emanaldia Bentan lehenengo gaueko egitarauari hasiera emateko. Ondoren Zac Harmon izango dugu, bluesaren izar bizia, eta jarraian from the Commitments banda handia, “The Commitments” filmeko gai arrakastatsu guztiak interpretatzeko.

Ostiralean, hilak 14an, Arma Plazan, JW Jones izarra ikusi ahal izango dugu bertatik bertara, eta ondoren Goierriko Star Blues taldeak emango dio hasiera gauari Bentako oholtza nagusian. Ondoren etorriko dira Louissianako hegoaldeko bluesman Kenny Neal eta bere gitarra eta, gauari amaiera emateko, Igor Prado Band talde brasildarra, Willie Walker eta Raphael Wressing artistekin batera jardungo duena.

Larunbatean emanaldi nagusiak

“Mojo Blues. Superstizioa bluesean” izenburuko solasaldi-emanaldiak abiaraziko du hilak 15eko, larunbateko egitaraua. Héctor Martínez musikari eta blues ikerlariak gidatuko du solasaldia, eta Fernando Beiztegui izango du lagun gitarran. Herri barbakoaren ostean iritsiko da The Black Snackes eta Igor Prado Band taldeen txanda, erritmoa emango diete Blues Villageko betiko mahai oste biziei.

Bluesaldiko egun nagusia izango den aldetik, ilunabarrean/gauean bilduko dira talde entzutetsuenak hainbat agertokitan: Headline Blues Band suediarrak; Marco Marchi & The Mojo Workers taldearen artisau musika jatorra; Towels Blues Band gipuzkoarrak; ereduak urratzeko izango dugu JW Jones Charlie Baty handiarekin batean, eta eguna biribiltzeko, James Brown apartaren kontzertuen errepertorio osoa duen The JB’s James Brown Original Band taldea.

Igandean, hilak 16an, Granujas a todo ritmo diexie band banda ibiliko da goizez eta arratsaldez hiriko kaleetan barrena, espezialistak dira mundu guztia dantzan jartzen. Herri bazkariko paella jan eta gero, White Towels Blues Band bandak eta JW Jonesek jardungo dute Bentako Blues Villageko oholtzan. Ilunabarrean/gauean Annika Chambersen ahots boteretsuaren eta The Black Snakes larreko blues taldearen txanda izango da, eta azkenik, bluesaldian parte hartutako artistekin eta Headline Blues Band bandarekin, urtero egin ohi den jam session saioak emango dio amaiera Jaialdiari.

Bilduko den jendea

Aurtengo edizioan ere Hondarribira jende asko etortzea espero da. Aurreko urteetan 90.000 lagunetik gora izan ziren, zaleen uholde handia, eta eragin ekonomiko garrantzitsua izan zuen halaber. Hondarribiko Udalak egindako azterketa baten arabera, Bluesaldiak eragina du hainbat sektore ekonomikotan, 2,76 milioi euro inguruko zenbatekoarekin.

2017ko afixa

Bigarren urtez jarraian, Hondarribiko Udalak antolatutako lehiaketa publiko baten bidez aukeratu da jaialdia iragartzeko afixa. Aurkeztutako 31 lanetatik “Blue Bluesman” izenburukoa izan da aukeratua, Iruñeko Javier Minak eta Javier Baldak diseinatua da.

Blind Lemon Jefferson Bluesmanaren erretratuan oinarritua da afixa. Robert Johnsonen erretratuarekin batean, bluesaren historiaren irudi klasikoenetako bat da, Memphis hiriari eta Mississippiko estatuari berezkoa zaien korronte piktorikoan jartzen baitu ikuspuntua.


Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika