' LABURBIRA' EUSKARAZKO FILM LABURREN ZIRKUITUA IRUNEN

Api, 2019 Irun, laburbira,

Irungo Udalak eta Topaguneak Laburbira euskarazko film laburren zirkuitua antolatu dute apirilaren 11rako, Amaia KZko Hitzaldi Aretoan 19:30ean. Euskarazko film laburren zirkuituak 16. edizioa bete du aurten; martxoaren 20an hasi zen eta, apirilaren 13ra bitarte, 35 herri bisitatuko ditu, tartean gurea.

"Laburbira zirkuitu ibiltariak bi helburu nagusi ditu: euskarazko sortzaileen kalitatezko lana ezagutaraztea eta ikusleei hemen eta euskaraz sortutako film freskoez gozaraztea", adierazi du Mónica Martínez Euskara arloko ordezkariak. Hamaseigarren edizioa 9 film laburrekin dator, ia guztiak 2018an sortutakoak, euskaraz eta anitzak gaiari dagokionean: maitasun istorioak, tentsio bizikoak, bi animaziozko lan, iraganeko kontakizunen bat, Behe Nafarroko istorio bat, majia, intriga eta umorea dira, besteak beste, aurtengoek dakartena.

Sortzaile gazteen lanak dira gehienak eta esperientzia luzeko zuzendarienak beste batzuk. Bederatzitik zazpi emakumeek zuzendutakoak. Denak uztartuta, ordubeteko proiekzioa osatu dugu; kalitatezkoa eta dibertigarria, euskarazko film laburren zaleei merezi duten gozatua emateko.

2018an zehar, Euskaltzaleen Topagunean 29 film labur jaso ziren aurtengo Laburbiran, euskarazko film laburren zirkuituan, parte hartzeko. Haietarik 9 aukeratu ziren XVI.edizio honetan herriz-herri zabaltzeko, honakoak:

- "Begi ninien koreografia" (Arrate Fernandez)

- "Shell phone" (Miren Mujika)

- "Zapatak" (Irati Murua)

- "Ama" (Josu Martinez)

- "June" (Arantza Ibarra)

- "Hotzean garbitu" (Maddi Barrenetxea- Marta Teijeira)

- "Ilunpean" (Iker Maguregi eta Andrea Martinez)

- "Erroak" (Ane Zuazubiskar)

- "Handiak eta txikiak" (Laida Ruiz)

Irungo emanaldian, proiekzioa bukatu ondoren ikusleek aukera izango dute Marta Teijeira zuzendariarekin hitz egiteko. Laburbirari buruzko informazio guztia, www.irun.org eta www.kameratoia.eus helbideetan dago. Gainera, aurten ere lehiaketa izango da laburmetraien ikusleen artean. Parte hartzeko www.kameratoia.eus webgunean dagoen galdetegia bete behar da eta iritzia eman. Horrela eginez gero, Euskal Herriko landetxe batean bi gaueko egonaldia irabazteko aukera izango dute parte hartzaileek.

Laukiz Lauki

Laukiz lauki aldizkaria, aurkeztu berria, Irungo leku gehiagotan eskuratu daiteke azken egunotatik: HAZen, kiroldegietan eta beste udal bulego batzuetan aurki daiteke euskarazko denbora-pasen lehenengo argitalpena.

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika