EMAKUMEEK SINATUTAKO ERAKUSKETEZ BETETZEN DA IRUNGO MENCHU GAL ARETOA

Mar, 2017

Juncal Eizaguirre Kulturako ordezkariak asteazkenean, hau da, martxoaren 8an, Emakumearen Egunean, aurkeztu du “Rosa Valverde. Islak: bizitza eta sorkuntza”, Mechu Gal Aretoak datozen asteetarako dakarren proposamen berria. Pintura bilduma ezezaguna da, martxoaren 10ean hasi eta ekainaren 4ra arte Irunen ikusi ahalko dena.

Rosa Valverde Euskal Herriko kulturan pisu handia duen familia batekoa da, eta Irunekin harreman handia izan duena; harreman horretan lagundu zuten Valverde inprimategiak eta Ayalde izenez ezagutzen zen Antonio Valverdek, hau da, Rosaren aitak, "El Bidasoa" aldizkarirako egin zituen ilustrazioak, aldizkarirako idatzitako artikuluez gain. Rosa Valverde hil baino lehenago (2015), Irunen egin zen jada erakusketa bat 2003an bere obrarekin, kasu hartan Amaia Kultur Zentroan. Baina Menchu Gal Aretoan ikusi ahalko den bilduman senideek eta ilobek utzitako margolariaren lanak egongo dira, gehienak lehen aldiz jarriko direnak ikusgai.

"Rosa Valverde. Islak: bizitza eta sorkuntza” erakusketaren ardatz nagusia simetria da, pinturaren forma desberdinetan: bere obran hain presente dauden errotazioak, translazioak, eta abar. Erakusketaren muntaketa bera ere areto handian simetria horretan oinarritua dago. Areto txikian bere mundu pertsonala birsortu da, koadro batzuen eta hiru dimentsioko objektu batzuen bidez: lanpara bat, “pottokak” (panpin antzeko batzuk), bionboak, eta abar. Erakusketa ikusgai egongo den hilabeteetan zehar egitekoak dira beste ekintza osagarri batzuk ere, esate baterako hitzaldiak edo bisita gidatuak.

Erakusketa zabalik egongo da ekainaren 4ra arte aretoaren ohiko ordutegian: ostiral eta larunbatetan arratsaldez 18:00etatik 21:00etara eta igandeetan eta jaiegunetan goizez 11:30etik 13:30era.

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika