HONDARRIBIA- KATSIKAS ELKARTEA ERREFUXIATUEI LAGUNTZEN

Api, 2017 Hondarribia-Katsikas, refugiados, solidaridad

Maite Garcíarekin eta Asier Perez-Karkamorekin hitz egin dugu; biak Hondarribia-Katsikas elkarteko kideak dira. Beraiek azalduko digute nola sortu zen errefuxiatuei lagundu nahi dien ekimen hau. Apirilaren 22an, larunbatean, elkartasun-zozketa egingo dute Hondarribian. Jakin itzazu xehetasun guztiak, ondoren.

Hilabete batzuk daramatzazue elkarte gisa lanean, zein da balantzea?

Oso ona. Taldea hazten ari da, eta laguntza eskatzen dugun bakoitzean kalean oso erantzun ona jasotzen dugu. Tamalez, elkartea sortzeko arrazoiak ez dira hobetu; are gehiago, okertu egin dira.

Norbaitek galdetuko du nortzuk zarete Hondarribia Katsikas?

Bada, errefuxiatuaren gaiarekin kezkatuta dauden hondarribiar batzuk, bereziki gerratik ihesi Europako ateak itxita aurkitu dituzten errefuxiatuei dagokienez. Greziako errefuxiatu-esparruetan bizi diren pertsonen bizi-baldintzak hobetzeko lan egiten dugu, eta kezka hori duen oro ongietorria izango da Hondarribia-Katsikasen.

Hondarribia-Katsikasen jatorria Emeki elkarte hondarribiarraren babesean garatutako proiektu zehatz bat izan da. Esaiguzu nola gertatu zen sortze hori.

Aurki urtebete izango da hura gertatu zela. Emekik arropa-bilketa bat antolatu zuen Greziara eramateko, Hondarribi osora zabaldu zena, eta bi trailer betetzea lortu zuen. Emekitik boluntarioak eskatu zituzten Greziara joateko, arropa Katsikaseko kanpamentuko familia errefuxiatuen artean banatzeko eta, gero, kontatzeko. Zazpi lagunek izena eman genuen; ez genuen bidaia ordaindu; arropa banatu genuen, eta, itzulitakoan, erabaki genuen jarraitu egin behar genuela, ezin genituela pertsona haiek baldintza haietan utzi. Ez zegoen gure esku arazoa konpontzea, baina bertatik bertara ikusi genuen eraman genien laguntzak bizitza hobetu ziela, eta zerbait egiten jarraitu genuen.

Eta nola gertatzen da bakarrik “abiatze” hori?

Saihestezina izan zen. Itzuli ginenean, Emekiren eskutik jarraitu nahi izan genuen, zeren bere kanpaina egin ez bazuten gure taldea ez zen izango orain. Baina gure jarduera gehituz joan zen, eta ikusi genuen elkarte bat sortu beharra zegoela praktikotasunagatik. Alde batetik, ez genuen izan nahi Emekirentzat oztopo; eta, bestetik, ofizialdu beharra geneukan materiala Greziara bidaltzeko, diru-laguntzak eskuratzeko, … Emekik oso jokabide ona izan zuren gure taldearekin, baina une batean, elkarte independente bat eratu beharra genuen, eta horrela sortu zen Hondarribia-Katsikas.

Zuen boluntario batzuek Greziako errefuxiatu-esparruak bisitatu dituzte. Han nola dago egoera oraintxe bertan?

Egoera ez da batere egonkorra. Katsikas, adibidez, itxi egin zuten, han zeuden 1.000 lagun paseak lekualdatu egin zituzten, eta hustu egin zuten, eta berriz bete zuten Chios eta Lesbos irletako jendearekin. Kanpamentuetan bizi den jendeak gabezia asko ditu, baina errefuxiatu asko are okerrago daude, Atenaseko kaleetan, Serbiaren eta Mazedoniaren mugetan... Eta beti dago turkiarren mehatxua: zer gertatuko litzateke Turkiak muga irekiko balu, han zain dauden milaka eta milaka lagunei pasatzen utziko baliete? Kontua gaizki dago; oso gaizki.

Zerk sortu dizu zirrara handiena errefuxiatuen esparruetatik?

Leku bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Katsikas infernu bat zen; baldintzak ikaragarriak ziren, baina gu izan ginenean ez zegoen GKE handirik, eta oso harreman handia zegoen errefuxiatuen eta boluntarioen artean. Oso berezia izan zen; egiteko asko zegoen, baina lana iritsi egiten zen. Beste esparru batzuk, Filippiada esaterako, itxiagoak ziren. Kontrol militarra zorrotzagoa zen, baldintza hobeak izan arren, adibidez, lo egiteko, hotzetik eta euritik babesteko... Eta irletan oso desberdina zen; bereziki errefuxiatuak pilaka iristen zirenean; psikologikoki oso zirraragarria da.

Hitz egidazu zuen zozketa solidarioaz.

Ideiaren abiapuntua han, Grezian, laguntzeko erabakia da. Orain arte, Greziatik eskatu ahal bidali izan dugu materiala, baina uste dugu onena hara proiektu batekin joatea dela eta greziarrek ere izan dezatela Hondarribiaren elkartasunaren onura. Proiektu bat behar genuen, eta finantzaketa behar genuen gauzatzeko. Asko gustatu zitzaigun herri-proiektu bat proposatzea, Emekirena izan zen bezala. Eta zozketaren ideia sortu zen, bai finantzatzeko modu gisa bai hondarribiarrak inplikatzeko modu gisa. Eta horri ekin genion; opariak eskatzen hasi ginen, alde batetik, eta errifak saltzen, bestetik.

Apirilaren 22an egingo da zozketa; zuzena al da?

Hori da. Apirilaren 22an, larunbatean, goizean, San Pedro kalean eta jendaurrean. Jarduera batzuk antolatzen ari gara, ekitaldia animatzeko, ordu batzuk iraungo baititu. Eta jendeak parte hartzea nahi dugu; zenbakiak ateratzea. Zozketa serioa izango da, zorrotza eta gardena, baina, aldi berean, partizipatiboa.

Babes handia izan duzuela uste dut: dendena, artistena… Ezin zarete kexatu, ala?

Bada, pentsa ezazu, 380 opari inguru zozketatu behar ditugu; denak Hondarribiko jendeak emanak, sektore guztietako profesionalek, artistek, idazleek, kirolariek… Zoramena! Kalkulatu dugu lau bat ordu egongo garela kutxetatik papertxoak ateratzen. Kutxa batean opariak egongo dira, eta, bestean, errifen frogagiriak. 17.345 errifa dira, euro 1ean, eta aurki agortuko dira. 17.345 errifa; bat, biztanle bakoitzeko. Gure proiektua ez Hondarribi osoarena delako ideia indartzeko modu bat zen.

Gainera, jai-jardunaldiak ere diseinatu dituzue apirilaren 21 eta 22ko ostiralerako eta larunbaterako. Kontaiguzu, zer ikusi ahal izango dugu ostiralean?

Jarduera bat prestatzen ari gara ostiralerako eta larunbaterako, artea eta musika eta elkartasuna batuko dituena, eta umeek parte hartu ahal izango dute. Zati artistikoa Judas Arrieta artistak koordinatuko du, eta 2,5 x 5 metroko horma-irudi bat izango da, errefuxiatuak Grezian nola bizi diren islatuko duena. Umeek margotuko dute hondoa, eta gero, nagusiek amaituko dute horma-irudia, irudi proiektatuekin, mezuekin, … DJak ere izango dira, eta, pentsatzen dut sorpresaren bat ere baietz.

Eta larunbatean?

Eta larunbatean, San Pedro kalean zozketa egiten ari den bitartean, Santiagon, 800 pusketan zerratuko dugu horma-irudia, eta puska bakoitza euro batean salduko dugu. Errefuxiatuengandik banantzen gaituen horma eraitsi nahi dugu; guztion arten egin nahi dugu, eta jendeak esperientzia horren pusketa bat etxera eramatea nahi dugu. Gainera, euro horrekin, Hondarribia-Katsikasen proiektua lagunduko da. Larunbatean, musika zuzenean izango da, batere ohizkoa ez den formatu batean. Berezia izan dadin saiatuko gara.

Norbaitek zuekin harremanetan jarri nahi badu, non aurkituko zaituzte?

Astelehen arratsaldetan biltzen gara, oraingoz Kultur Etxean (Denda kalea 18). Baina onena da lehendabizi hondarribiakatsikas@gmail.com mailaren bidez jartzea harremanetan. Taldea hazten ari da, baina gure jarduera ere bai, eta egia esan, nabaritu egiten da taldean pertsona berri bat sartzen denean; asko eskertzen da.

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika