Koronabirus: Martxoko berriak

Mar, 2020

HEMEN AURKITUKO DITUZUE MARTXOKO BERRI GUZTIAK KORONABIRUSAREN INGURUAN.

2020KO MARTXOAREN 31 – 18:00

Apirilaren 1eko ekoizleen “drive” delakoaren antolaketa moldeak ezagunak dira. Hitzordua apirilaren 1ean, 9:00etatik 12:00etara. Ikusi horri buruzko atala berrien orrialdean.

2020KO MARTXOAREN 31 – 8:30

Banku publikoetan esertzea debekatua da

Osasun mailako ohartarazpena: bankuak birusa transmiti dezake. Horregatik debekatua da banku batean esertzea. Pandemiaren emendatzea mugatzeko hartu diren neurrietan sartzen da.

2020KO MARTXOAREN 30 – 12:30

Lehentasunezko lanpostuan diren gurasoen haurren harrera hedatzea

Prefekturak jakinarazten dizue lehendik ere lehentasunezkoak ziren langile kategoriez gain badirela orain halakoak diren langile kategoria berriak. Halatan, bada, haurren babeserako harrera egituretan ari diren langileak (adibidez, gizarte zerbitzuen laguntzailea, sukaldaria, gizarte eskuhartze eta familia eskuhartzearen teknikaria (TISF), bai eta hezitzaile espezialdua, hezitzaile monitorea, animazioko monitore laguntzailea, hezitzaile teknikaria eta teknikari espezialduak, egoitzaburua, gizarte bizitzaren laguntzailea (AVS), heziketa eta gizarte laguntzailea, familien gizarte ekonomian aholkularia), haurtzaindegietan edota etxe laguntzaren sektorean ari diren langileak.

Zerrenda hori egoeraren bilakaeraren arabera heda liteke.

Gurasoek hala direla frogatu beharko dute (lanbide txartela, soldata agiria…) harrera hori baliatzeko.

Harremanetarako

– Eskola garairako / geltoki auzoko eskola: +33 (0)5 59 20 68 89

– Ikastaldi inguruko aldirako eta asteazkenetako harrerarako: +33 (0)5 59 48 23 06

2020KO MARTXOAREN 29 – 10:00

Haizpean zahar etxearen berri

Nola kudeatzen du koronabirusagatiko hetsialdia zahar etxeak? Hango lantaldeak zahar etxearen barnean hartu dituzten neurrien berri eman nahi izan digu.

Bertan bizi direnentzat: hetsialdiak ez dakar isolatzea

Bertan bizi direnak beren geletan hetsirik direlarik, han zerbitzatzen zaizkie apairuak eta langileak egunean hainbat aldiz joaten zaizkio bakoitzari gelara fisikoki nola gogoan ongi dela begiratzeko.

Bertan bizi direnek autonomia atxiki dezaten, goizero aritzen dira psikomotizitatelaria eta ergoterapeuta haiekin lanean: egoiliarrei mugitzen laguntzen zaie eta motrizitatea lantzen da haiekin.

Bakoitzari mugitzeko aukera bana ematen diete langileek goizean eta arratsaldean (kanpoan ibilalditxoa egitea, solasaldia, eskulanak…)

Egoiliarren senideekin harremanetan jarraitzeko eta egoitzan duten senidearen egoeraz lasaitzeko, zahar etxeak skype bidezko hitzordu bana eman du plantan.

Langileek hartu dituzten osasun babeseko neurriak

Maska janztea, sukarra egunero neurtzea, hesi neurriak betetzea (disoluzio hidroalkoholikoa, eskuak garbitzea, langileen artean ez hurbiltzea…), lokalak egunero areago garbitzea… langileak erne-erne dira.

Normalki funtzionatzen ari gara baina gero eta urduritasun handiagoa da, giza baliabideak ttipitzen ari baitira. Gizarte Ekintzako Udal Zentroaren eta Herriko Etxearen langileak laguntzen ari dira zerbitzuak emateko eta jendeetaz arduratzeko (ostalaritza, garbiketa). Auzapezak egin mezuari jarraikiz, zahar etxeak eta jendeak etxean atxikitzeko zerbitzuak lehentasunezkoak zaizkie udal zerbitzuei eta behar beste saiatuko dira udal zerbitzu horiek egiteko guztiak ongi betetzeko.

Eritasun arriskugarriak dituzten langileei lanera ez etortzeko baimen berezia eman zaie.

Hesteko zona baten beharra balitz, halako bat aurreikusia dugu. Zona horretarako lantalde bat osatuko da horretarako bolondres direnekin.

Egoiliar horiek, artatzaile horiek, engaiatu zareten langile horiek, sostengatzen zaituztegula jakin ezazue.

2020KO MARTXOAREN 28 – 15:00

Hondakinen bilketa, joan-etorriak, gizarte ekintza, enpresentzako laguntza… Konfinamendu garai honetan, Euskal Elkargoaren zerbitzuei buruzko galdera guztiak.

2020KO MARTXOAREN 27 – 19:00

“Ekoizleen drive-a”: antolaketa moldeak prest dira apirilaren 1erako

COVID-19 krisia eta indarrean diren osasun baldintzak direla eta, Hendaiako Udalak laborarien “drive” delakoak antolatzen ditu, debekatuak izan diren aire libreko merkatuei alternatiba eskaintzeko eta tokiko ekoizleak sostengatzen segitzeko xedearekin.

“Drive” delakoa asteazkenetan Errepublika plazan eta larunbatetan Laranjondoko aparkalekuan izanen da, 9:00tik 12:00etara.

Ibilgailu guztien aparkatzea debekatua izanen da:

– Errepublika plazan, 2. eta 30. zenbakien arteko zatian, asteazkenetan, 8:00etatik 12:30era,

– Laranjondo aparkaleku osoan, larunbatetan, 8:00etatik 12:30era.

Zirkulazioa Errepublika plazan eta Laranjondo aparkalekuan kontrolatuko da, udal zerbitzuek finkaturiko ibilbideetan.

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika