KONTENPORANEA 2019 ETA RIBERA BEKAK

Ots, 2019 Irun, Irun Factory

Irungo Kontenporanea 2019 arte azoka bere lehen urratsak egiten ari da maiatzaren 17tik 19rako asteburuari begira, hori baita ekimen honen laugarren ediziorako aukeratutako data.

Aurreko edizioetan hasitako konexio europarrak abiapuntutzat hartuta, Irungo eta Hendaiako lau gaztek osatzen duten eta jada lanean hasi den lan taldea eratu da. Aldi berean, aurreko edizioetan egindako mugaz haraindiko kontaktuei esker, deialdi bat egin da talde eragilean partaide europarrak sartzeko, modu horretan beste herri batzuekiko lotura sustatuz.

Proiektuen deialdiari dagokionez, ideia zera da, erakusketari begira elkarrizketarekin, hizkuntzarekin, kultura aniztasunarekin eta mugekin zerikusia duten proposamen artistikoak egitea. Hona hemen zeintzuk diren Bitaminek koordinaturik lan taldea osatzen duten gazte sortzaileak:

Miguel Matador, 22 urte, diseinatzaile grafikoa, Irun. Kalikenyo Rock (LLeida) jaialdiaren marketin, diseinu grafiko, merchandising eta sare sozialen arduraduna.

Maialen Caballero, 23 urte, artista, Hendaia. Tatuatzailea Santa Venus tatuaje-estudioan.

Haizea Olaizola, 25 urte, Irun. Ingeles ikasketetan graduatua UPV/EHUn. Kulturaren kudeaketan lan egin du Londreseko Hay Festival of Literature and the Arts jaoaldian. Gaur egun irakaslea da eta literatura jaialdi baten lehen edizioa ekoizteko lanetan dihardu Fem Tour Truck ekimenarekin lankidetzan.

Julen Sanchez Garcia, 25 urte, Irun. ,Diseinatzaile grafikoa eta argazkilaria, Irun. Gaur egun Irungo Katagrafic enpresan ari da eta bere proiektuen artean argazkigintzari buruzko liburu bat ari da egiten.

Ilusioa pizten duen urtea

Kontenporanea 2019ren baieztapenak Irungo Udalaren Kultura arloak urte honetan gauzatu asmo dituen programen zirkulua ixten du. Ribera jaialdiarekin eta artista-egonaldiekin batera, arte garaikideari eta gazte sortzaileei eskainitako alorrean hirian 2019an izango diren ekimen garrantzitsuenez ari gara. Alde batetik, Ribera programa eta bekak itzuliko dira. Horren helburu nagusia da Bidasoa ibaia balioan jartzea esku-hartze artistikoen programa baten bidez, non mugaren, memoria historikoaren eta ibaiaren kontzeptuak lantzen diren hainbat diziplina bide direla, hala nola antzerkia, musika edo ikus-entzunezko sorkuntzak. Eta bestetik, artea sortzea babesteko ildoan, 2019rako artisten egonaldien deialdia iragarri du Kulturak.

Ribera bekak

Irailaren 21ean izango da hitzordua, eta Bidasoa ibaia eta ingurua izango dira berriz ere laugarren edizioa duen arte garaikideari eskainitako jardunaldi honen eszenalekua. Baina aurtengo ekimena markatuko duen lehenengo zedarria berriz izango dira Kultura arloak ateratzen dituen ‘tandem motako’ bekak. Horretarako, eskaera-epea dagoeneko irekia dago otsailaren 25era arte. Beka horien helburua da ikerketa-ekintzazko proiektuen esparru iraunkor bat aktibatzea Giza zientzien eta Artearen esparruan Bidasoa ibaiaren inguruan. Proposamenak tandem batek aurkeztu behar ditu, eta tandem horretan, Antropologiaren perfileko lan bat eta Arte Ederretako beste bat sartu beharko dira. Beka horiek, tandem-formatu horregatik, aurrendari bihurtu dira estatu osoan, eta Bidasoa ibaia eta haren interpretazioa arte garaikidearen bidez balioan jartzean datza gaia.

Azken batean, gogoeta- eta sentsibilizazio-testuinguruak artikulatu behar dira, lengoaia artistikoan gauzatuko direnak edozein diziplinatan, gizarte-dimentsio eta –proiekzioan eraginez. Gehienez ere bederatzi hilabete irauten dute bekek, eta gai edo gogoeta-lerro zehatza batean ikerketa-esku hartze proiektuak proposatu behar dituzte, betiere Bidasoa ibaiarekin eta inguruarekin edo muga eta memoria historikoaren kontzeptuekin lotura izanez. Bi beka emango dira (bat tandem bakoitzeko), eta 9.000 eurokoa izango da haietako bakoitza. 2019ko otsailaren 25era arte egin ahal izango dira eskaerak, ohiko edozein bide erabiliz, HAZen edo Irungo Udalaren egoitza elektronikoaren bidez HYPERLINK "http://www.irun.org/sac". Horretarako, eskatzaileak IrunTxartela eduki beharko du, edo sinadura elektronikoaren beste ziurtagiri bat.

2019ko artista-egonaldiak

Horrekin batera, artista-egonaldien 2019ko deialdia ere egin du Kultura arloak. Programa horren helburua da sorkuntza artistikoa sustatzea eta laguntzea Bidasoa eskualdearen eta bere eragin-eremuaren esparruan, mugaz gaindiko parte-hartzean interes berezia jarrita. Kontua da agerpena ematea gazte sortzaileen proiektu artistikoei eta, halaber, nazioarteko mugikortasuna sustatzea eta artearen benetako lan-esparruan sartzeko aukera eskaintzea.

Bi laguntza emango dira, bakoitza 6.800 eurokoa. Otsailaren 26an amaitzen da eskaerak aurkezteko epea, eta egonaldiak lau hilabetetik seira bitartean iraungo dute 2019ko lehenengo seihilekoan. Proposamenen gaiak izango dira, batetik, migrazio-mugimenduak bere gizarte-dimentsioan, eta kultur bitartekotzaren, hizkuntzaren eta aniztasunaren dimentsioetan, eta, bestetik, lurraldean duten eragina Irungo esparruan mugaz gaindiko hiria den aldetik.

Egonaldi horiek, arte garaikidearen edozein adierazpenen bidez, tresnak izango dira gogoeta soziala egiteko eta Irungo eraldaketa soziodemografikoa, ekonomikoa eta esparru publikoarena berarena balioan jartzea, begirada berriak sortuz sortze-prozesuen inguruan eta Irun eta bertako kultura sorkuntza eta ekoizpen garaikideko jardueren abiapuntu gisa aktibatuz.

Gainera, sortze-prozesuen inguruan Kultura arloak hasitako lerroan sartzen dira, proiektu berritzaileak garatzean ardazten diren aldetik, arreta berezia jarrita izaera anitzeko prozesu artistikoetan oinarritzen diren programetan, non sortzekidetza, hibridazioa, parte-hartzea, originaltasuna, esperimentazioa, izaera soziala eta teknika berriak erabiltzea protagonismo handia izango duten.

Arteko edozein eremu edo diziplinatako proposamen egin daiteke deialdi honetan: arte plastikoak, musika, literatura, arte digitala, performance-a, diseinua eta arte grafikoak, argazkilaritza, ikus-entzunezkoak, dantza, antzerkia… eta otsailaren 26an amaitzen da laguntzak eskatzeko epea. Eskaera HAZen bidez egin ahal izango da, edo Irungo Udalaren egoitza elektronikoaren bidez www.irun.org/sac. Horretarako, eskatzaileak IrunTxartela eduki beharko du, edo sinadura elektronikoaren beste ziurtagiri bat. EFA027/15 Ibilbide Paregabeak proiektuaren esparruan egiten dira egonaldi horiek, %65ean Europako Eskualde Garapenerako Funtsak (FEDER) kofinantzatuta, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra programaren bidez (POCTEFA 2014-2020).

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika