JARDUERA GEHIAGO LAPURRITURRIN

Api, 2018 Irun, Lapuriturri,

Aste Santuan irekita egon zen Lapurriturriko informazio gunea, baina, ofizialki, ekainean hasiko da denboraldi berria. Hala ere, datozen egunetan jarriko da martxan denboraldi berriko jarduera programa.Irungo Udaleko Garapen Iraunkorreko Arloak sustatzen du Lapurriturriko informazio gunea, eta instalazioa lehenengo jarduera programatzen bukatzen ari da: gure landa ingurunean bizi diren hegaztiak ezagutzeko irteera bat, maiatzaren 5ean, larunbatarekin.

Txorien mundua ezagutzen duen gidari baten laguntzaz, espezie bakoitza identifikatzen saiatuko dira parte hartzaileak, ikusmena zein txorien kantua erabiliz; alegia, Aiako Harria natura parkeko askotariko habitatetako berezko espezieak ikusten eta entzuten ahaleginduko dira.

“Denboraldi hasierako ohiko irteera bat da, adituen arabera hauxe baita sasoirik egokiena gure mendietan bizi diren edo hemendik pasatzen diren hegaztiak identifikatzeko”, adierazi du Ingurumeneko ordezkari Miguel Ángel Páezek. “Irteera honek abiatzen du Lapurriturriko informazio guneko jarduera programa, gure hiriak duen ondare natural oparoa ezagutarazteko erreferentziazko baliabide bat”.

Hitzordua 09:00etan izango da, Lapurriturriko informazio gunean bertan, eta prismatikoak eta txoriei buruzko gidaliburu bat eramatea gomendatzen zaie parte hartzaileei. Interesdunek izena eman dezakete dagoeneko, Irungo Udalaren webgunean sartuta (www.irun.org) edo 010 telefono zenbakira deituta, maiatzaren 3ra bitartean. Hogei lagunek parte hartu ahalko dute gehienez irteeran, eta banan-banan eman beharko dute izena.

Urrira arte

Urtero bezala, zenbait irteerak osatuko dute jarduera programa, eta hurrengo jarduera informazio gunearen irekiera bera izango da, ekainaren 2an. Jendearentzako ordutegia joan den urteko bera izango da –luzatu egin zen iaz, udazkenera arte–, eta instalazioa ekainetik urrira bitarteko asteburuetan eta uztail eta abuztuko jaiegunetan egongo da zabalik, 10:00etatik 14:00etara bitartean.

Lapurriturriko informazio guneak hamar urtetik gora darama bisitari guztiei parkea ezagutzera ematen, eta, horretarako, hainbat jarduera antolatzen ditu denboraldi osoan: udaberrian, udan eta udazken hasieran jarduerak programatzeaz gain, informazioa ematen die bisitariei, paperean, eta parkeari buruzko azalpenak ere ematen dizkie, inguruko turismo eskaintzari buruz eta bost ibilbide tematikoei buruz (elur zuloak; meatzaritza; ikazkintza; gerrak; eta flora, fauna eta ura).

Iaz, 1.000 lagun inguru pasatu ziren informazio gunetik.


Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika