IRUNGO UDALAK SEI KARPA JARRIKO DITU HIRIKO IKASTETXEETAN

Urt, 2021

Atzo, Irungo alkate José Antonio Santano eta Hezkuntza eta Gazteriako ordezkari Santi Jiménez hiriko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako guraso elkarteekin bildu ziren, datozen asteetan hiriko sei ikastetxetako patioetan beste horrenbeste karpa instalatzeko udal erabakiaren berri emateko.

Irailean hasi zen ikasturtea, eta, atzokoa barne, udal arduradunek eta hiriko guraso elkarteek hiru bilera egin dituzte dagoeneko. Hasieratik mahai gainean zegoen eskarietako bat ikastetxeetan karpak jartzea zen, euria egin arren ikasleek patioak erabili ahal izateko urruntze eta segurtasun neurriak beteta eta burbuila taldeak bereizita betiere.

Hezkuntzako ordezkari Santi Jiménezek azaldu zuenez, “erlojuaren kontra lan egin behar izan dugu kokaleku posibleak aztertzeko, beharrezko bermeak ematen zizkiguten karpak hornitzearekin eta kontratuak karpak lehenbailehen instalatzeko garai onean eta moduan egitearekin bateragarriak izan zitezen. Ahalegin handia izan da, baina ziur nago mereziko duela”.

Duela egun batzuk, ikastetxeetan horrelako azpiegiturak jartzeko gastuaren % 90 diruz laguntzeko aukera iragarri zuen Eusko Jaurlaritzak, eta aukera horri heldu, eta karpak instalatzeko planteamendua prestatu du Udalak, epe eta kontratuak ahal bezainbat bizkortuta, lehenbailehen jarri ahal izan daitezen.

Horrela, ikastetxe hauetan jarriko dira karpak –guraso elkarteek badute kokalekuen berri, atzotik–:

Belaskoenea (HH) Dunboa (LH)

Elatzeta (HH)

Toki Alai (LH) Eguzkitza

Txingudi Ikastola (LH)

Lekaenea Lehen Hezkuntzako ikastetxean ez da instalatuko karparik, bertako estalpeko instalazioak nahikoak baitira ikastetxeko zuzendaritzaren eta guraso elkarteen beren arabera.

Egitura metalikoko estalkidun instalazioak dira karpak, inongo itxiturarik gabekoak alboetan eta ikastetxe bakoitzaren beharren eta toki librearen araberako neurrikoak.

Udalak karpak jartzeko beharrezkoa den zenbateko ekonomikoa aurreratuko du, karpak lehenbailehen jarri ahal izateko, eta, gero, Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza deialdira aurkeztuko du gastua. Urtarrilaren 21erako aurkeztu behar da eskabidea, eta ondoren banatuko dira dirulaguntzak.

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika