Irungo eta Hendaiako alkateek Behobiako pasabidea berriz irekitzea eskatu dute

Mai, 2020

Martxoaren 16an, Alarma Estatua Bidasoaren bi aldeetan ezarri zenean, mugak itxi eta pasabide kontrolatuak hasi ziren Bidasoko nazioarteko zubietan, gainerako mugetan bezala.

Aste batzuk beranduago, apirilaren 12an, mugako hainbat pasabide itxi ziren: Behobia, Lizuniaga, Lizarrieta, Sara eta Izpegi, esate baterako. Santiagoko zubia eta Biriatouko autobideko pasabidea ziren eskualdeko bi pasabide irekiak. Duela egun batzuk arte, konfinamendu-neurriek ahalbidetu dute Santiago zubiak arazorik gabe hartzea mugaz gaindiko trafikoa.

Baina, azken egunetan mugaren bi aldeetan deseskalatzearen lehen faseak martxan jartzearekin batera, trafikoa asko handitu da eta horrek asko zaildu du Santiagoko muga pasatzea.

"Enpresetako jarduera berreskuratu da, baita enpresa askotako lan presentziala ere, bi aldeetako komertzioak ireki dira eta ikastetxeak ere hasi dira. Bidasoaren alde bateko eta besteko herritarrek eguneroko bizitzan mugaren bi aldeetan jarduerak egiten dituztela ulertuta, Santiagotik ugaritan pasa behar dute eta ilarak ere ugaritu egin dira". Adierazi zuten Jose Antonio Santanok, Irungo Alkateak, eta Kotte Ecenarrok, Hendaiako alkateak.

Errealitate hori mahai gainean dutela, bi alkateek indarrak batu dituzte bi estatuei eskatzeko mugez gaindiko egoerarekiko sentikorrak izan daitezela eta keinu txikiak egin ditzatela; hala nola mugako pasabide guztiak berriz irekitzea, bidea errazteko eta ilarak saihesteko. Izan ere, oraingo egoeran bi hirietako bideak kolapsatzen baitira, mugaz gaindiko pasabidetik haratago.

Santanok bere konpromisoa adierazi du aipatutako eskaera Gobernuko ordezkariari helarazteko eta Hendaiako alkateak, berriz, prefektuari bidaliko dio eskaera bera.

Mugaz gaindiko sentsibilizazioa

Gainera, alkateek koordinazio handiagoa eskatu diete mugaz gaindiko udalerri horietara informazioa helarazteko, horrela alde bateko eta besteko neurri murriztaileei edo muga igarotzeko eska daitekeen dokumentazioari buruzko komunikazioa hobetu ahal izateko. Jarduera ekonomikoak ere kezka sortzen du udalerri horietan.

Izan ere, kasu batzuetan hainbat establezimendu eta gune mugaz gaindiko merkataritzara erabat bideratutako eremuak dira, eta bezeroen mugikortasunik gabe irekitzea establezimenduak itxita egotea bezala izango da.

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika