IRUNEN EGINGO DA GIPUZKOAKO LEHENENGO WORDPRESS EKITALDI OFIZIALA

Mai, 2018 Irun, Wordcamp, wordpress

Ekainaren 2an eta 3an izango da WordCamp Irun 2018, Mondragon Unibertsitatearen instalazioetan, Palmera-Montero gunean.

Irungo Udalaren, Mondragon Unibertsitatearen, Euskaltel Fundazioaren eta mundu osoko dozena bat babesleren babesari esker, WordCamp Irun ekimenak 27 hitzaldi eta tailer ere emango ditu web industriari eta WordPressi buruz; hain zuzen ere, mundu osoan gehien erabiltzen den eduki kudeatzailea da WordPress.

WordPress web edukien kudeatzailearen arrakasta geldiezina da: urtetik urtera, gero eta handiagoa da herrialde guztietan eta, bereziki, Espainian. Kode irekiko sistema bat da WordPress, hainbat funtzionalitate eta hazteko aukera handiak dituena, eta hoberena da doakoa dela; horregatik erabiltzen dute milioika web editorek. Gaitasun itzela du, komunitatea osatzen duten kideen lan eskuzabalari esker, eta espero da berrikuntza handi bat izango dela hilabete batzuk barru: Gutenberg editore bisualaren 5.0 bertsioa.

WordCamp Irun 2018 ekitaldiaren bi jardunaldietan, aldi berean, gaur-gaurko hitzaldi interesgarriak izango dira online negozioei, marketin digitalari, sare sozialei, eduki estrategiei eta SEO posizionamenduari eta web diseinuari eta garapenari buruz.

Maila guztietako hitzaldiak

Jardunaldietan, WordPresseko profesional eta lider handiek hartuko dute parte: hitzaldien bitartez, garapenari, programazioari eta diseinuari buruzko ezaupideak emango dituzte. Nolanahiko erabiltzaileek hartu ahalko dute parte saioetan: bai profesionalenek, bai web edukien kudeatzaile horren munduan sartu berri direnek.

Hizlarien artean, Espainia mailan eta nazioartean garrantzi handia duten influencerrak izango dira, hala nola Fernando Tellado, AyudaWP blogaren autorea –WordPressi buruzko gaztelaniazko munduko blog nagusia da AyudaWP–; Rocío Valdivia, WordCamp Centraleko community wranglerra; Javier Casares, web segurtasunean aditua; eta Mauricio Gelves, garatzaile arrakastatsua eta WordCamp Madrid 2018 ekitaldiaren arduraduna.

Abantaila ugariko sarrera

WordCamp irabazi asmorik gabeko ekitaldiak dira, babesleei esker ordaintzen direnak. Horri esker, 20 euroko sarrera baten trukean, hitzaldiz eta tailerrez betetako bi egunez, networking kafeez eta larunbateko eta igandeko bazkariez goza daiteke, baita elastiko oroigarri bat eta babesleen opariak eskuratu ere. Ekitaldiaren webgune ofizialean bakarrik eros daitezke sarrerak, https://2018.irun.wordcamp.org/entradas/ helbidean.

Espainia, meetup talde aktiboetan nagusi

Mundu osoko WordCamp ekitaldiei esker, milaka profesional WordPress komunitateko kide sentitzen dira, eta beren ezaupideak eta lana haren esku jartzen saiatzen dira. Azken batean, egunean jartzeko, esperientziak partekatzeko eta noren ikuskera zabaltzeko topaguneak dira ekitaldiok.

Munduan, guztira, 611 meetup talde aktibo daude, eta, gutxi gorabehera, 511.000 lagunek eman dute izena haietan. Horietako 44 talde Espainiakoak dira, eta, horrela, talde aktibo gehien dituzten herrialdeetan bigarrena da Espainia –AEBetan daude gehien: 170–. Lurraldeen dentsitatea kontuan hartuta, baina, meetup talde aktibo gehien dituen munduko herrialdea da Espainia.

Doako eta kode irekiko programa bat, 100 milioi erabiltzaile dituena

Egunero, 500 WordPress instalatzen dira mundu osoan, eta programa hori 100 milioi lagunek erabiltzen dutela jotzen da. Programaren abantaila nagusietako bat, hainbeste hedarazi duena, doakoa eta kode irekikoa (open source) izatea da. Egunez egun hobetzen diren mila garatzailek egiten dute, eta, horri esker, edozein partikular edo enpresak erabil dezake eta webgunearen jabea da bere datuen jabea.

Web edukien beste kudeatzaile batzuk ordainpekoak dira, eta mendekotasun ekonomikoa sortzen dute; jende asko ez dago horretarako prest. Bestalde, badira doako kudeatzaileak, baina edukiak plataforman uztera behartzen dute, eta, horren ondorioz, erabiltzaileak kontrola galtzen du eta ez du aukerarik, bere hazkunde beharren arabera, aldaketa eta migrazio asko egiteko; gainera, enpresa ixten bada, webgunea gal daiteke.

WordPress baliatuta, erabiltzaileak nahi duen hostingean ostatatzen du bere webgunea, edukiak editorearenak baitira, eta nahi duena egin dezake haiekin. Oro har, hosting gehienek badituzte sistema honekin webgune bat automatikoki sortzeko utilitateak: erabiltzaileak egin beharreko urratsak sinplifikatzen dituzte, eta abantaila da hori.


Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika