Irun prest da Espainiako Itzuliaren hasiera hartzeko

Urr, 2020

Atzerako kontaketa hasi da. Hilaren 20an abiatuko da Irundik Espainiako Itzulia, eta gaur agerraldia egin dute Borja Olazabal Kirol ordezkariak, eta Kiko Garcia itzuliaren kirol zuzendari eta zuzendari teknikoak. Irun bueltan da leloarekin hilabeteak daramatela “ilusio handiarekin” lanean zehaztu du Olazabalek, “Espainiako Itzuliaren abiapuntua izatea oso garrantzitsua da eta eragina izango du arlo guztietan. Badakigu testuingurua konplexua dela, baina dagozkion segurtasun neurriak hartuta, ahalik eta hoberen bizi nahi dugu aukera hau, eta hiriaren irudia mundu osoan erakusteko baliatu”.

Zortzi kilometro egingo ditu txirrindularitza lasterketak Irunen barrena eta Ficobatik Gaintxurizketara hiriko lekurik bereizgarrienak zeharkatuko ditu tropelak. Lehenengo etapan, 169,5 kilometro egingo dituzte, Irun eta Arrate Gaina lotuta (Eibar), “eta irteera neutralizatua gure kaleetan egingo du”. Horrela, Ficobatik Gaintxurizketara, txirrindulariek Irun zeharkatuko dute, iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera. Erakusketa azokatik atera eta saihesbidetik Plaiaundiko parke ekologikoan barrena, Zubi Muxuraino joango dira. Han Hondarribi kaletik sartuko dira, eta Colon ibilbide osoan barrena, Iparralde etorbide aldera joko dute, eta gero, Santiago aldera. Ondoren Alde Zahar osoan barrena ibiliko dira: Urdanibia plaza, San Martzial karrika, San Juan plaza, udaletxe ondoa, San Juan Harria, eta azkenik, harzola osoa igo eta gero Karrika Nagusitik pasako da tropela. Elizatxo hiribidetik aterako da hiritik, Arretxe gainetik.

Aukeratutako ibilbideak Irungo ondare historikoa eta kulturalaren mugarri bereizgarri gehien bil zitzan saiatu direla esan du Kiorl ordezkariak.

Itzuliarekin, gainera, trafikoan aldaketak izango dira eguerdi partean, Ibilgailuek ez dute izango tropelak zeharkatzen dituen kaleetan eta ingurukoetan sartzerik, eta aparkalekuak ere kendu beharko dituzte tarte batzuetan, “laster iragarriko dira aldaketen xehetasunak eta aurreikusten diren desbideratzeak”, erantsi du Olazabalek.

Irun bueltan da leloa daramaten banderek hiriko kale eta hiribide nagusiak jantziko dituztela esan du bestalde kirol ordezkariak; gainera, datozen egunetan, kanpaina markesinetara eta Irungo beste leku batzuetara zabalduko dela jakinarazi du. Itzuliaren gaineko informazio interesgarri guztia Irungo Udalaren webgunean argitaratuko dela esan du azkenik Olazabalek.

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika