OSTIRALEAN, INDUSTRIA SORTZAILEEN V. AZOKA IRUN FACTORY-N

Aza, 2017 Irun

Hilaren 17an, ostiralarekin, goizean, Industria Sortzaileen V. Azoka egingo da, Irun Factoryk Loidi Bizkarrondo kalean dituen instalazioetan. Hiriko eta inguruko ekintzaile eta enpresentzat da Azoka, eta, goiz osoan, inguruko zazpi enpresa eta elkarte bilduko ditu, nork arrakasta izan duten bere esperientzien berri emateko.

Azoka 10:15ean irekiko da, eta 14:00etara arte egongo da zabalik. Bitarte horretan, enpresa eta elkarteek beren ideiak aurkeztu ahalko dituzte, eta nola berritzen duten eta beren produktua nola merkaturatzen duten azaldu. Topaketaren helburua da Euskal Herriko enpresa munduko sorkuntzari eta berrikuntzari buruz eztabaidatzea.

Aurten, honako ekimen hauek izango dira parte hartuko dutenak: 3R3D, 3D teknologiako material kontsumigarriak fabrikatzen eta garatzen dituen enpresa bat; Borderline Fabrika, artearen hainbat esparrutako profesionalentzako egoitza artistiko eta kultural bat, Hendaian dagoena; Hiritik At, berrikuntza sozialaren esparruko firma bat; La Kilombera, janaria txingarretan prestatzen duen negozio bat; Mari Matraka, ilustrazio firma bat; Nymphalur, ingurumena ezagutzea bultzatzen duen elkarte bat; eta Wood & Nika, zurezko produktuak fabrikatzen dituen enpresa bat.

Doako tailer bat eguerdian

Jardunaldia osatzeko, 12:15ean, Gastroideas firmak tailer bat dinamizatuko du, “Sormena, abangoardia eta nazioarteko joera gastronomikoak”, sukaldaritzaren hastapen, mekanismo eta sorkuntza prozesuei buruzkoa, doan, izena emateko beharrik gabe. Informazioa Udalaren webgunean eskuratu daiteke, www.irun.org helbidean, eta xehetasun gehiago nahi dituztenek irunon@irun.org helbide elektronikora idatz dezakete.

Ekimen hau “Ibilbide paregabeak, hiri sortzaileen mugaz gaindiko sarea” Europako programaren barruan dago, zeinaren helburua, POCTEFA markaren pean –jardunaldi hau finantzatzen laguntzen du ekimen horrek–, tokiko ekonomia dinamizatze aldera, artearen eta sorkuntzaren inguruko ideiak eta baliabideak bateratzea den.



Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika