Irun Aurrera bonuen bigarren kanpaina martxan jarri du Irungo Udalak

Urr, 2020

Irun Aurrera bonuek udan izandako erantzun onaren ondoren, Irungo Udalak hiriko merkataritza eta ostalaritza sektorea suspertzearen aldeko bigarren kanpaina bat jarriko du abian udazken honetan. Miguel Angel Páez Ogasuneko ordezkariak eta Juncal Eizaguirre Hiriko Sustapenaren ordezkariak iragarri dute prentsaurrekoan, Bidashop eta Mugan hiriko merkataritza elkarteetako arduradunekin batera.

150.000 euroko aurrekontuarekin, irundarrek erosketetan trukatu ahal izango dituzten 10 euroko 15.000 bonu jarriko dituzte salgai, bai denda txikietan, bai kanpainarekin bat egiten duten ostalaritza-establezimenduetan.

Miguel Angel Páezek azpimarratu duenez, kanpaina berri hau "Irungo Udala 6 milioi euroko aurrekontuarekin bultzatzen ari da, pandemiak hirian eragiten dituen beharrei erantzuteko, bai ikuspegi sozialetik, bai ekonomikotik. Jakitun gara sektore honek Irungo jardueran duen garrantziaz, krisi honek gehien kaltetu duenetako bat baita, eta, horregatik, hilabete hauetan arintasunez jokatzen saiatzen ari gara, bizi dugun egoeraren ondorioak arintzeko balioko duen laguntza eskaintzeko".

Kanpainak Irun Aurrera bonuen ildoari jarraitzen dio, eta horiek, berezitasun gisa, ez dute inolako formatu fisikorik, hau da, ez dira baleak edo dendan entregatu beharreko beste material batzuk. Bonu bakoitzak 10 euroko balioa izango du, atxikitako establezimenduetan trukatu beharrekoa, eta, besterik gabe, bezero bakoitzak bere NAN zenbakia eman beharko du dendan, eta programa informatiko batek pertsona bakoitzak bonu horien erabilera zenbatuko du.

Juncal Eizaguirrek, bere aldetik, positibotzat jo zuen lehen edizioaren garapena, eta "konpromisoa hartu genuen bezala, udazkenean bigarren kanpaina bat ekarri dugu, gure herriko dendetan erosketak egiten laguntzeko. 130 establezimenduk baino gehiagok eman zuten izena udan eta 8.000 bonu trukatu zituzten; nahiago nuke hazten jarraituko bagenu eta denda gehiagok bat egingo balute laguntza horiek irundar gehiagorengana iritsi ahal izango lirateke eta".

Nork erabili ahal izango ditu bonu horiek?

Bonuak Irunen erroldatuta dauden 16 urtetik gorakoentzat daude eskuragarri, baldintza hauetan:

Irundar bakoitzak 10 bonu erabiltzeko eskubidea izango du, horietako bi gehienez establezimendu bakoitzeko.

Erabilitako bonu bakoitzeko, saltokian 30 euro erosi beharko dira gutxienez; horrela, bonuaren 10 euroez gain, bezeroak 20 euro emango ditu; ostalaritzarako, bonu bakoitzeko erosketa minimoa 20 euro izango da; kasu horretan, bezeroak 10 euroko ekarpena egingo luke bere poltsikotik.

Ezin da pertsona baten baino gehiagoren bonorik erabili erosketa bera ordaintzeko. Hau da, erosketa-txartel bakoitzak pertsona bakar baten bonuei lotuta egon beharko du.

Ekimen honetatik kanpo geratzen dira alkoholdun produktuak soilik dituzten erosketak.

Irungo merkataritza- eta ostalaritza-establezimenduak, udako aurreko kanpainan bezala, udalaren www.irun.org webgunearen bidez atxiki ahal izango dira. Azpimarratzekoa da denda bakoitzak gehienezko bonu kopuru bat trukatu ahal izango duela, apuntatzen diren negozio kopuruaren arabera. Izena emateko epea zabalik dago eta urriaren 26ra arte egongo da zabalik. Bonuen trukea urriaren 29an hasiko da eta abenduaren 4ra arte iraungo du. Interesa duten negozio guztietarako, udal webgunetik ikus daitekeen tutorial bat prestatu da.

Kanpainari atxikitako establezimendu bakoitzak bereizgarri bat izango du, bere lokalean jar dezan eta kanpainan parte hartzen duela ikus dadin. Lehen edizioan bezala, hiriko denda eta ostalaritza-establezimendu txiki guztiak batu ahal izango dira, 400 m2-tik gorako elikagaiak eta edariak saltzen dituzten lokalak, gasolindegiak, estankoak, enpresa handien filialak edo estatuan edo nazioartean ezarpen handia duten enpresak izan ezik.

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika