IRUN, HIRI SORTZAILEEI BURUZKO IX. JARDUNALDIEN EGOITZA

Urr, 2017 Irun, ciudades creativas, Kreanta, innovacion, cultura

Hiri sortzaileei buruzko IX. jardunaldiak Irunen izango dira, urriaren 18tik 20ra bitartean. Egitaraua osatuta dago jadanik, eta hiri sortzaileen sarearen webgunean ikus daiteke. Kreanta Fundazioak koordinatzen du hiri sortzaileen sarea, eta bertako kide da Irun.

Sormenean oinarrituz gure hirietan hiriak berak hazteko aukera ematen duten espazio originalak izan daitezen laguntzeko proposamenak biltzea eta ezagutaraztea da jardunaldien helburua. Ildo horretatik, hirien garapenarekin, turismoarekin eta kulturarekin zerikusia duten gaiak landuko dira, nazioarteko eta tokiko mailan.

Jardunaldien egoitza nagusiak Palmera Montero Gunea, Irun Factory eta Ficoba erakustazoka izango dira: funtsean, bertan izango dira hiru egunetarako programatutako jarduerak.

Sarea osatzen duten hirien arteko lehenengo topaketak hilaren 18an izango dira, asteazkenarekin, goizean, Irun Factoryn, baina jendaurreko inaugurazioa egun horretako 18:30etik aurrera izango da, Palmera Montero Gunean. Arratsaldeko ekitaldian, Irungo alkate José Antonio Santano ez ezik, hiri sortzaileen sareko gainerako hirietako alkateak izango dira: Tournefeuille, Foix, Barakaldo eta San Just Desvernekoak, alegia. Gainera, berri bat baieztatu da azken egunetan: Huffpost egunkari digitalaren gaztelaniazko bertsioko kazetari eta egungo zuzendari Montserrat Domínguezek hitzaldi bat emango du lehenengo jardunaldiaren bukaeran, 19:15ean.

Hilaren 19a egun nagusia izango da, ostegunarekin: orduan jorratuko da programaren zatirik handiena, Ficoban, nazioarteko espezialistek emango dituzten hitzaldien proposamen bete baten bitartez. Alde horretatik, nabarmentzekoak dira honako hauek: Damién Silès, Montrealgo Berrikuntzaren Auzoko zuzendari nagusia (Kanada); Jordi Pascual, CGLU Tokiko eta Eskualdeko Hiri eta Gobernuen Munduko Sareko Kultura Batzordeko koordinatzailea; eta Anatxu Zabalbeascoa, El País egunkarian arkitekturari eta diseinuari buruz idazten duen kazetari eta arte historialaria. Hain zuzen ere, Anatxu Zabalbeascoak Irungo alkatearekin batera parte hartuko du, Irungo trenbideen eremuari buruzko saio monografikoan, “Erabileren eraldaketa leku berezietan” hitzaldia emanda.

Azkenik, ostiralean, profesionalentzako mintegi bat izango da, hiriak eraldatzeko prozesuetan herritarren ikuspegia kontuan hartzeari buruzkoa, Irun Factoryn. Bestalde, hiri sortzaileen sarea osatzen duten hirietako ordezkariek Irungo merkataritzaren barruan berrikuntzaren eredu izan diren esperientzia batzuk bisitatuko dituzte, hala nola Bidassoa Basque Brewery.

Jardunaldietan izena ematea doakoa da, baina ezinbestekoa da webguneko galdeketa betetzea eta bidaltzea (http://www.ciudadescreativas.org/). Eskubide hauek izango dituzte izena ematen dutenek: egitaraua osatzen duten saio eta jardueretara joatea, jardunaldietako dokumentazioa eskuratzea eta kafea hartzeko atsedenaldietan eta Bidassoa Basque Breweryn izango den jarduera batean parte hartzea. Orain arte, 115 lagunek eman dute izena.

Sormen, kultura eta turismo sarea

Hiri sortzaileen sarea 2016ko maiatzean hasi zen lanean, POCTEFA 2014-2020 Espainia, Frantzia eta Andorra arteko lurralde elkarlanerako programaren barruko laguntzen esparruan. Saretik sortzen diren ekimenek, hala nola Irunen egingo diren jardunaldiek, Ibilbide Paregabeak proiektuaren marka daramate. Eskualde Garapeneko Europako Funtsak babesa eman zion proiektu horri, POCTEFA 2014-2020 Espainia, Frantzia eta Andorra arteko lurralde elkarlanerako programaren bidez, mugalde horren integrazio ekonomiko eta soziala areagotzeko.


Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika