IRUN, 2019ko SANPEDRO ETA SAN MARTZIALEZ GOZATZEKO PREST

Eka, 2019 Irun, fiestas, San Marcial

Irungo Udalak parte hartzeko 140 proposamen inguruz osatutako programa bat prestatu du, hiriko hainbat entitaterekin elkarlanean.Urtero bezala, jaietako agur ofiziala ekainaren 23an izango da, 21:30ean; oraingoan, Realarekin Erregina Kopa irabazi zuten irundarren eskutik.

Hainbat ekimen programatu dira, Kultura Arloak koordinatuta: guztira, aurreko egunetan izango diren proposamenak gehituta, 140 jarduera. Udalak 72 antolatu ditu, eta 68 hiriko 49 entitate eta elkartek ekarriko dituzte. Programa aurrera eramateko aurrekontu edo zenbatekoa 400.000 euro ingurukoa da.

Berriro ere haurrentzako atrakzioak izango dira erreferentzietako bat, eta hiriko sei auzotan jarriko dira, txandaka: Katean, Behobian, Anzaranen, Larreaundin, Anakan eta Belaskoenean. Gainera, haurrentzako ikuskizunak izango dira, baita familia osoarentzako emanaldiak ere, hala nola kale antzerkia, dantza emanaldiak eta, beti bezala, erraldoi eta buruhandiak eta haurrentzako pintura sariketa.

Hitzordu klasikoak ere izango dira, hala nola herri bazkaria, ekainaren 22an, larunbatarekin; Jostaillu elkartearen bakailao txapelketa, ekainaren 23an, igandearekin; ganadu azoka; eta bakarrizketa jaialdia, uztailaren 1ean, igandearekin –aurten, Tomás García eta Edu Motante arituko dira–. Bestalde, San Martzial Gunea, iaz bertako talentu artistikoa aurkitzeko estreinatu zen ekimena, ekainaren 24an izango da, Jenaro Etxeandia plazan, Mateo Vergara irundar showman ezagunarekin, eta izena emateko epea zabalik dago oraindik.

Musikari dagokionez, honako hauek ikusiko ditugu:

- Ekainaren 22an, larunbatarekin, We (bertakoak) eta ABBAren omenezko banda

-  Ekainaren 23an, igandearekin, Left Hook (bertakoak) eta, ondoren, En Tol Sarmiento

- Ekainaren 28an, Flamenquito Latino eta, gero, Rosario

Familia osoarengan pentsatuz, haurrentzako aire zabaleko antzerki bloke esanguratsu bat programatu da, zirkuko ikuskizunek osatua. Gainera, erraldoi eta buruhandiak bi aldiz aterako dira, ekainaren 23an eta 28an, hiriko hiru konpartsekin.

Kirol proposamenek ere osatzen dute egitaraua: 30 ekimenetik gora dira, eta, haien artean, nabarmentzekoak dira uztailaren 1eko pilota jaialdia Uranzu pilotaleku berriaren inaugurazioan, xake jaialdi berri bat eta 3 x 3ko saskibaloi torneoa.

Jaietako agurra: Realeko irundarrak

Ofizialki, ekainaren 23an hasiko dira jaiak, larunbatarekin, 21:30ean. Orduan, Realeko lau jokalarik agur ofiziala egingo dute udaletxeko balkoitik, Erregina Kopa irabazi baitute aurten: Sandra Ramajok, Leire Bañosek, Sara Olaizolak eta Erkuden Lasak. Egun horretan, ohikoa denez, 19:00etan, San Joan zuhaitza jarriko da, txistulari bandaren laguntzaz; 20:45ean, Kemen Dantza Taldeak aurreskua dantzatuko du sua izango denaren inguruan; eta, agur ofizialaren ondoren, alkateak sua piztuko du, 21:45 aldean.

Bestalde, Luis Marianoko postuak ekainaren 17an zabalduko dira, eta uztailaren 1era arte egongo dira irekita. Urdanibia plazako txosnak, berriz, ekainaren 21etik uztailaren 1era bitartean egongo dira zabalik, eta baso berrerabilgarriak erabiliko dituzte berriro. Azkenik, Kultura Arloak jakinarazi duenez, aurten, herritarren eskaera bati erantzunez, kabina formatuko komun publiko gehiago instalatuko dira.

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika