HONDARRIBIKO PRODUKTUAREN ASTEA APIRILAREN 16TIK 22RA IZANGO DA

Api, 2018 Hondarribia, bertako produktuak,

Apirilaren 16tik (astelehena) 22ra (igandea) Hondarribian bertako produktuaren astearen hirugarren ekitaldia egingo da. Ekimenaren helburua bertako ekoizleen lana sustatzea eta elikadura ohitura osasungarriak hedatzen laguntzea da. Ekimen honek Eskualde Garapenerako Europako Funtsatik (EGEF) %65 jasotzen du, Espainia-Frantzia-Andorra Lurralde Lankidetzarako Interreg V-A Programaren (POCTEFA 2014-2020) bidez.

Lehenengo egunean, apirilak 16, astelehena, bertako ekoizleak Baionaraino joango dira Les Halles merkatuaren eredua ezagutzera. Hala Ibaialde urdaiazpiko tailerra bisitatuko dute eta harrera ofiziala egingo da Lapurdiko hiri horretako Udalean. Arratsalde horretarako aurreikusita dago ikasle hondarribiarrak Arrantzaleen Kofradia ikustera joatea, salmenta prozesua, sare konpontzaileen lana eta arrantza sistemak ezagutzera.

Asteazkenean, hilak 18, azoka eguna Damarrin, ikasleak izango dira berriz protagonista, eta bertaratu egingo dira bertako produktua balioesten eta ezagutzen hasteko. Arratsaldean aurreikusita dago lehenengo tailerra egitea, Arroka Berriko Gorka Cepedaren eskutik. Itsas Etxean egingo da 19:00etatik 21;00etara, sukaldariak aldez aurretik lehengaiak azokan erosita. Aurkezpenean adierazi zuenez, “poz-pozik dago bertako produktuarekin lan egiteko duen aukeragatik. Baratzak, itsasoa… denetik daukagu Hondarribian eta etakina atera behar diogu”.

Zenbait tailer egingo dira

Ostegunean, apirilak 19, pintxo-potearen txanda izango da: tailerra emango da Gran Sol Gastro Tokian Mikel Muñozen eskutik. Hamabost plaza izango dira, helduentzat, eta ordutegi bera izango du: 19:00etatik 21:00etara. Parte-hartzaile bakoitzak hiru pintxo prestatuko ditu.

Ostiralean, apirilak 20, ikasleek Botika Agroaldea bisitatuko dute bertatik bertara nekazaritza ekologikoaren alderdi nagusiak ezagutzeko.

Egun horretan bertan hirugarren tailerra egingo da,, eta ogia izango da gonbidatu nagusia. Parte-hartzaileek haien ogia labean erretzen ikasiko dute, baita ogi-orea egiten ere. Tailerra 7, 8 eta 9 urteko umeentzat da, eta hamabi plaza izango dira.

Amona Margarita establezimenduko Martín Beramendik emango du tailerra. Berak adierazi duenez oso pozik dago lagundu ahal izatearekin.“Ziur nago oso ikastaro interesgarria izango dela eta parte-hartzaileek harritu egingo gaituztela haien nahasketekin. Ea pixkanaka umeak kontsumitzen eta gure produktuak zaintzen joaten diren, hala hobeto joango zaigu eta denoi. Gabarrari kaleko ogi lantegian egingo da”.

Eguna amaitzeko ‘Mañana’ filma emango da Kultur Etxean 19:00etan.

Informazio guztia hemen.


Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika