HONDARRIBIKO ASTE SANTUA 2018

Mar, 2018 Hondarribia, Semana Santa, agenda

Aste Santurako prest da Hondarribia. Asteburutik turista ugari dabil herriko kaleetan eta nabari da Arma Plazako informazio puntuan. Herrian Aste Santuko ekintza nagusia Ostiral Santuko prozesioa izaten da, baita igandeko Jaungoiko Hartzaileen erorrera eta Ttopara ekitaldia, Hondarribiak dauzkan beste hainbat erakargarritasunekin batera.

“Azken urteotako datuak kontutan izanda” dio Maria Serranok, Turismo zinegotziak, “badirudi egunotan gure artean dauden turista gehienak Euskadi, Katalunia, Madril, Aragoi, Gaztela-Leoi eta Frantziatik etorriko direla. Iaz Aste Santuan 3.547 pertsona igaro ziren Arma Plazatik. Azken urteetako datuen eboluzioa ikusita gora egingo dutela dirudi, baina eguraldia oso faktore garrantzitsua da, eta ikusi behar zer nolako ondorioak uzten dituen”.

“ARMA PLAZAko bulegoa astelehenetik igandera irekitzen da, eta ez da eguerditan isten. Aste Santuko egunetan, goizeko 10:00etatik 19:00ak arte etengabe irekita egongo da, igandea barne. Larunbatetik hasi eta datorren apirilaren 8 arte, 42 bisita gidatu egingo dira, goizeko 11:30, 13:30 eta 16:30ean, ostiral arratsaldea izan ezik, prozesioa egongo baita. Hirigune historikoa, Jasokunde eta Sagarrondoko Andre Mariaren Parrokia, Carlos V gaztelua eta Portua auzoa izango dira bisiten protagonistak” gehitu du Serranok.

Zenbait ekitaldi Aste Santuan

Ostiral Santuan, Martxoaren 30an, arratsaldeko prozesioaz gain, goizeko 10:00etan, Gurutze Bidea egingo da Hondarribian. Errandoneatik abiatuta, Kalbariotik joanda Guadaluperaino joango da prozesioa. Arratsaldeko 18:00ak inguruan bijilia amaitu ondoren, elizatik bertatik abiatuta, isilik eta poliki-poliki, XIV. eta XVII. mende bitarteko irudiak dituzten 7 pausoek alde zaharreko kaleak zeharkatzen dituzte. Isiltasunaren Prozesio ezaguna dugu.

Prozesioaren pausoak, aita-semeen oinordeko direnak eta 42 pertsonaren esku daudenak, hilabeteetan zehar konpondu eta apaintzen dituzte. Parte hartzen duten 227 pertsonen artean herriko arrantzaleek eta baserritarrek 12 apostoluena egiten dute eta hauek ez dute inoiz huts egiten. Horiei hainbat penitentzia-kofrade eta Jaunqoiko Gaurdatzaileak gehitu behar zaizkio, 19 erromatar zenturioiak antzezten dituztenak.

Prozesioak ondorengo ordenari heltzen dio:

• Jasotako Gurutzeak segiziori ematen dio hasiera albo banatan zutargiak dituela;

• Baratzezko Otoitzaren Pausoa sei gizonek eramaten dute eta apostoluek laguntzen dute, azkeneko hauek togaz eta tunikaz jantzita, eta ezberdintzen dien sinbolo bana eskuan daramatela: San Pedro bere giltzekin, San Andres X itxurako gurutzearekin, Santiago Nagusia erromesaren pordoiarekin, San Juan kalizarekin, Santo Tomas eskuadra edo makilarekin, Santiago Txikia liburuarekin, San Mateo pikarekin, San Simon zerrarekin, San Tadeo palmarekin, San Matias aizkorarekin, San Bartolome liburua eta ganibet txikiarekin eta San Felipe gurutze latindarrarekin;

• Jesusen Pausoa, zutabeari lotuta eta erromatar-eskuadra batez inguratuta; Veronicaren Pausoa;

• Kristoren Pausoa gurutzea gainean daramala edo Nazarenoarena;

• Zortzi gizonek eramaten duten Kristo gurutziltzatua, dagokion erromatar-eskuadrarekin; Santa Maria Magdalena Pausoa;

• San Juan Pausoa; etzanda dagoen Kristoarena edo Hilobiarena, beste erromatar talde baten babesean;

• Doloretako Pausoa edo Bakardadearen Birjina, urre eta beltz koloretako tunika ederrarekin jantzita eta erromatar zaintzaileak lagun;

• Ondoren, elizjendeak, agintariek eta hiriko musika-bandak ematen diote amaiera desfile ikusgarriari.

Elizaren abesbatza leku estrategikoetan kokatzen da segizioa pasa ahala zenbait pieza abesteko. Pauso bakoitza lau lepakarik eramaten dute, lehenengoa eta gurutziltzatutakoa izan ezik, seik eta zortzik eramaten baitituzte hurrenez hurren.

Ibilbidea Elizan bukatzen da berriz ere eta bertan “Kristoren Ehorzketa” egiten da. “Zutik gurutze ondoan” abestiarekin amaiera ematen zaie Ostiral Santuko zeremoniei.

Prozesiorako ibilbidea hauxe izango da: Parrokiatik irten, Kale Nagusia jaitsi, eskubira egin Murruan eta handik Leiba Generala kalera heldu. Handik Denda kalera egingo du, gero ezkerretara Juan Laborda kalera (Kultur Etxearen aurretik) egingo du prozesioak, handik San Nikolas kalera heldu eta Parrokian amaitzeko. ADI: Prozesioaren egunean, arratsaldeko 16:00tatik aurrera Alde Zaharrerako sarrera eta irteera trafikoa itxita egongo da.

Igandean, apirilaren 1an, 10:00etan Jaungoiko Hartzaileen erortzea eta “Ttopara” edo berpizkundea, elizan (Kale Nagusian)

Pazko-astelehenean, apirilaren 2an, Guadalupen, jardunaldi oso bat egingo da: elikagai-azoka, erromeria, trikitilariak, herri-kirolak, bertsolariak…Hona hemen Pazkoko agenda:

• 11:30: Toka txapelketa

• 12:00: Bertsolariak: Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso

• 16:00: Haur jokoak

• 17:00: Herri Kirola: Joseba Ostolaza eta Udane Ostolaza (harrijasotzaileak) eta Ernesto “Bihurri” Ezpeleta eta Hodei Ezpeleta (aizkolariak)

• 18:00: Bertsolariak: Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso

• 18:30: Sokamuturra

Hopndarribiko Aste Santuaren programa deskargatu hemen

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika