Hiriko bidegorri sarea, handiagoa, Puianako eta Letxunborro hiribideko bidegorri berriei esker

Aza, 2020

Aurrekontuak parte hartzearen bidez egiteko prozesuaren esparruan sortu zen proposamena, eta dagoeneko bukatu dute Letxunborro hiribidea eta eskualdeko ospitalea komunikatzen dituen zatia.

Azken bi urteetan, 650.000 euro ere inbertitu dira bidegorrietan, eta hiriak 13 kilometro bidegorri ditu dagoeneko.

Obretako ordezkari Cristina Labordak eta Mugikortasuneko ordezkari Borja Olazabalek astelehen honetan jakinarazi dutenez, bukatu dira Puianako bidegorri berria eraikitzeko lanak. Bidegorri berria beste aurrerapauso bat da hiria bizikleta bidezko mugikortasuna hobetzeko egiten ari den bidean, eta Letxunborro hiribidea eta eskualdeko ospitalea komunikatzen ditu.

Cristina Labordaren esanetan, "udan iragarri genuenez, bukatu dira lan guztiak, eta udazkenerako prest dago bidegorri berria. Partaidetzaren bidez egindako aurrekontuen emaitza da, eta hilabete hauetan Puiana inguruan egin diren lan nagusietako bat izan da; izan ere, Arístegui Enbaxadorea plazako argiztapena hobetu ere egin da".

Bidegorri berria 340 bat metro luze da guztira, eta Puianako biribilgunea (Letxunborro hiribideko bidegorriaren bukaera) eta eskualdeko ospitalea (autobus geralekua) komunikatzen ditu. Lehenengo zatian, biribilgunetik irtetean, espaloi gainetik doa, oinezkoengandik bereiz, eta, bigarrenean, 200 bat metroan, espaloitik kanpo, egungo berdegunearen gainetik, ospitaleraino.

Berdegunetik doan zatian, argi berriak jarri dira: 4 metroko zutabeak eta LED argiak. Lehenengo zatian, berriz, aurrez berritu zen argiztapena, Arístegui Enbaxadorea plazako argiztapena hobetzeko lanen barruan.

Bidegorriaren integrazioa osatzeko, beste jarduketa batzuk egin dira, hala nola oinezkoak eta txirrindulariak gurutzatzen diren tokietarako oinezkoentzako pasabideen egokitzapena, pasabide goratu baten eta dagozkion estolda zuloen aldaketa edo eraikuntza, kaleko altzarien lekualdaketa eta bidegorriaren seinaleztapena. Lanak egiteko aurrekontua 105.455,72 eurokoa izan da, eta enpresa esleipenduna, Construcciones Otegui-Gaztañaga.

Bizikleta bidezko mugikortasun hobea

Borja Olazabal ordezkariak "urte hauetan bizikleta bidezko mugikortasunaren alde egin dugun apustuaren barruan" kokatu du jarduketa. "Zubi-Muxu plazatxotik datorren bidegorriarekin eta Aldabe Mendikoarekin lotuta dago bidegorri hau; alegia, ia hiri osoa bizikletaz inguratzen duen eraztunerako funtsezkoak diren bi bidegorrirekin bat egiten du".

Bide batez, Letxunborro hiribideko bidegorri berria ere martxan dagoela eta azken elementuak jartzea bakarrik falta dela jakinarazi du Olazabalek. 800 metroan, Puianako eta Molino errepideko biribilguneak komunikatzen ditu, eta oinezkoek zein bizikletek erabiltzeko egokitu da, oinezkoen eta bizikleten zirkulazioa eta motordun ibilgailuena bereizteko hainbat baliza eta elementu jarrita; gainera, guneak bereizteko seinale horizontalak egin dira.

Errei bakoitzak 1,5 metroko zabalera du; oinezkoentzat, berriz, 2,00 metroko pasabide librea utzi da gutxienez. Letxunborro hiribidearen bi aldeetan egin dira lanak, bi noranzkoetan, konfinamendua bukatu eta paseatzeko edo kirolean aritzeko ordutegiak ezarri zirenean behin-behinean oinezkoak eta bizikletak ibiltzeko egindako egokitzapena baliatuz.

Bidegorri berri horiei esker, hiriak aurrerapauso handia egin du mugikortasunaren esparruan. Azken bi urteetan, 650.000 euro ere inbertitu dira bidegorri sarea handitzeko: bai bidegorri berriak sortzeko (2018an, Letxunborrokoa; 2019an, Aldabe Mendikoa; eta, 2020an, Puianakoa), bai lehendik zeudenak berritzeko (Punttakoa). Guztira, 13 kilometro bidegorri daude hirian, eta, gainera, badira 30 guneak, non bizikletak eta autoak ibil daitezkeen. Etorkizunari begira, Borja Olazabalek gogoratu du Alarde eremuan eraikitzen ari diren urbanizazio berriaren barruko bidegorria dagoela egiteko.

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika