HIRIAREN MEMORIA IKUST-ALAIA MUSEOAN

Ots, 2019 Irun, Ikust Alaia, Museo

Duela egun batzuk aurkeztu dira udal liburutegia izandako Ikust Alaia eraikinean gaitzeko proposatua izan den hiriaren etorkizuneko museoaren oinarriak. Ekimen honen helburuetako bat Luis Marianoren, hau da, hiriak nazioartean izan duen artistarik ezagunenaren figuraren garrantzia azpimarratzea da.

Proiektu hau garatzeko kanpoko enpresa batek urtebete eta gehiagoz ikerketa garrantzitsua egin du Irungo Udalarekin elkarlanean. Lan horretan parte hartu dute Kultura arlora proiektuarekiko interesa erakutsiz azaldu diren elkarteek ere, Irungo historiarekin lotutako eta erakusteko modukoak diren gaiak, materialak eta fondoak aukeratzeko. Bide batez Luis Marianoren objektu eta material pertsonalen bilduma jasoko duen inbentarioan sakontzeko ere aprobetxatu da hirian erakusgai jarri ahal izateko. Guztia, Lacan familiarekin sinatutako hitzarmena dela medio, familia hori Luis Marianoren gertukoa izan baita eta Operetaren Printzeak Udalari –sustatzeko, zabaltzeko eta herritarrei erakusteko- lagatako material gehientsuenaren gordailuzaina.

Hori horrela, museoari ikuspegi bat emateko, eta kontuan hartuta zer-nolako edukiak dauzkagun, aduanak barnealdetik kostara eraman zireneko garai historikoa hartu da abiapuntutzat; XIX.mendearen erdialdera gertatu zen hori eta Irun muga-hiri bezala definitu zuen gertakari horrek. Abiapuntu hori hartuta, hiriaren historia ia gure egunotaraino kontatzea planteatzen da, Luis Marianoren bizitza eta obra lokarri bezala hartuta hainbat gaietan zehar, esaterako: trenbidea hirira iritsi zeneko urteak, edo mende erdialdean hirian zegoen industria, eta abar, lehentasuna emanaz beti hiriaren memoriari eta pertsonenari.

Bere erakusketa aretoez gain, proiektuan zehazten dira etorkizuneko museoak izan litzakeen beste leku batzuk ere, esaterako harreragune bat, musika gela bat jendeak atseden hartzeko, era guztietako jardueretarako areto balioanitza eta heziketarako gune bat, eta gainera administraritzako edo materialak gordetzeko barne erabilera izango duten beste leku batzuk.

Proiektu museologiko honek aurre hartzen dio alderdirik museografikoenari ere, eta museoaren barruan zer ibilbide egin beharko liratekeen ere plantetzan du, eta altzariekin, irisgarritasunarekin edo aretoen argiztapenarekin lotutako proposamenak ere bai.

Museo bizi eta partaidetzakoa

Proposamenean garrantzitsua den puntua zera da, museoak hartuko lituzkeen edukiak hasiera batean ez liratekeela finkoak izango, baizik eta betiere berritzen joango liratekeela. Proiektuak jada markatzen du gainera museo mota bat, eboluzioan legokeena, non Irungo herritarrek Ikust Alaian ikusgai jarritako bilduma berritzen eta aberasten laguntzeko aukera izango luketen, bereziki ikerketaren integrazioaren bitartez. Atal hori programa propioen bitartez egin ahalko da, edo museoaren aktibitatean hiriko elkarteak sartuz.

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika