HEGOBUSEK ZERBITZUA AREAGOTUKO DU UDAN

Api, 2018 Irun, Hendaia, Hegobus, transporte

Udan, urte osoan Bidasoa ibaiaren bi bazterrak lotzen dituen autobusek geldialdi gehiago egingo dituzte hirian.

Ostiral honetan, Hegobus sustatzeko sinatu duten lankidetza hitzarmena aurkeztu dute Irungo alkate José Antonio Santanok eta Syndicat des Mobilités Pays Basque – Adour erakundeko lehendakariorde Chantal Kehrig Cottenconek. Aurkezpen ekitaldian izan dira Mugikortasuneko ordezkari Cristina Laborda eta Hendaiako alkate Kotte Ezenarro ere.

Euskal Hirigune Elkargoaren garraio kolektiboko sareetako bat da Hegobus, eta, “hari esker, lehenengo aldiz, Irun eta Hendaia (eta, era berean, Donibane Lohizune) errepidetik lotzen dituen garraio zerbitzu publiko bat dugu, urte osoan. Hegobus aurrekaririk gabeko mugarria da dagoeneko Bidasoa ibaiaren bi aldeen arteko mugaz gaindiko harremanetan”, adierazi du alkateak.

Sistema berria 2016ko irailaren 1ean jarri zen martxan, eta berrikuntza esanguratsuak ekarri ditu hiriko eta hiriarteko autobusen ibilbideetara. Alde horretatik, bereziki, mugaz gaindiko lineetan izan du eragina, eta, horrela, Irungo eta Bidasoko eskualdeko herritarrei egiten die mesede. Orain arte, autobusek bi geldialdi egiten zituzten Irunen: 4. lineakoek, Fermín Calbetón kalean, eta 5. lineakoek, Behobian. Bada, hiri barruko zerbitzua areagotzea planteatu da, eta, uztailaren 7tik aurrera, autobusek hiru geldialdi gehiago ere egitea: Ficoban; Iparralde hiribidean, José Ramón Amunarriz plazaren parean; eta Nafarroa hiribidean, Dunboako anbulatorioaren inguruan.

Hegobus garraio sareak hiri barruko zein hiriarteko zerbitzuak ematen ditu: hiri barrukoak, Hendaian eta Donibane Lohizunen, eta hiriartekoak, Hendaia, Biriatu, Urruña, Ziburu, Donibane Lohizune, Getaria, Ahetze, Azkaine, Sara eta Senpere artean.

Bidaien ia % 50, mugaz gaindikoak

Irun eta Hendaia lotzen dituen linea nagusia 4.a da, baina Irunera iristen da besterik; izan ere, 5. lineako autobusek ere Bidasoa ibaia zeharkatzen dute, Behobiaraino. Bi lineen artean, Hegobus sareko bidaia guztien ia % 50 egiten dute, eta zerbitzu egiteko ordutegiak eta maiztasunak desberdinak dira denboraldiaren arabera:

Neguko denboraldiak azarotik apirilera irauten du.

Udazkeneko denboraldiak iraila eta urria irauten du, eta udaberrikoak, maiatza eta ekaina.

Udako denboraldiak uztaila eta abuztua irauten du.


Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika