HASI DA SIRIAKO AZKEN DESPLAZATUEN ALDEKO BILKETA

Urt, 2018 Hondarribia, Katsikas, Siria, bilketa

Gaur hasi da Hondarribia-Katsikas Boluntario Taldearen premiazko bilketa. Azken bonbardaketengandik ihesi Siria iparraldeko kanpalekuetara iritsi diren milaka desplazatuentzako bilduko dute materiala. Puntaleko eskola zaharrean ari dira bilketa egiten, Gazte Xaiaren lokalean. Boluntarioak bertan izango dira gaur, bihar eta etzi, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.

Madrilgo “Los Olvidados" gobernuz kanpoko erakundeak eskatu die laguntza eta datorren astean bidaliko dute Siriara bildutakoa. Zehazki, honakoak behar dituzte: Euritarako kapak eta aterkiak, katiuskak eta gomazko kalotxak (“Croqs” erakoak), termoak, lotarako zakuak eta lurrerako isolatzaileak (esterilak). Materiala “berria edo gutxi erabilia, eta garbia” egotea eskatu dute, iritsi bezala banatuko delako.

Diruz lagundu nahi duenak, elkarteak Kutxabanken duen kontu korrontearen bitartez egin dezake (ES43 2095 5039 90 9116701973). Egiten diren ekarpenek ere balioko dute materiala bidaltzeko, dagoeneko Hondarribia-Katsikasek dozenaka euritako eta uretarako kapak erosi dituelako aste honetan.


Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika