«HAKATOIEK» EEE!NTZUN KANPAINA ERAMANGO DUTE GIPUZKOA OSORA INDARKERIAREN AURKA ETA KIROLAREN BALIOEN ALDE

Aza, 2018 irun, kirola

Gipuzkoako Foru Aldundiak, «hakatoien» bitartez, beste urrats bat egin nahi du ‘Eee!ntzun’ kanpainaren barruan, beharrezkotzat jotzen baitu kirolean izaten den indarkeriaren kontrako mezua sendotzea, balioetan arreta jartzen duen mezu baikor bat erabilita eta eskola kirolean parte hartzen duten neska-mutilek kirolaz gozatzeko duten eskubidea ardatz hartuta. Ekimen honek eskola kirolean parte hartzen duten haurrak protagonista bihurtu nahi ditu, partidetara joaten direnei harmailetan goza dezaten eta arbitro, entrenatzaile nahiz jokalarien aurkako jokabide oldarkor eta bortitzak alboratu ditzaten eskatzeko, eta, horretarako, kantu batek, dantza batek eta zeinuen hizkuntzaren erabilerak osatzen duten «haka» bat egingo dute, modu jostarian, emozio egoera bat sortzeko partidaren aurretik, eta hausnarketarako bidea eskaintzeko eskola kiroleko partiduetara bertaratzen diren guztiei.

Datorren larunbatetik aurrera, eskola kirolean parte hartzen duten milaka neska-mutilek egingo dute «haka» Gipuzkoako hainbat herritan. «Hakatoi» bakoitzean ehunka eskola-umek dantzatuko dute «haka» kirol gune batean, kirolean izaten den indarkeriaren kontrako mezua entzutera emateko. Lehenengoa datorren larunbatean, azaroren 24an, egingo da Arrasateko Biteri plazan, non Debagoieneko 600 eskola-ume baino gehiago elkartuko diren lehen «hakatoi» masiboa egiteko (guztira 1.500 pertsona baino gehiago bertaratuko dira, laguntzaileak kontuan hartuta); bertan egongo dira ere Xabi Prieto eta Imanol Agirretxe, Errealeko jokalari ohiak, eta Goazen telesaileko aktore batzuk.

Hori izango da lehenengo «hakatoia», eta aurrerago Gipuzkoako beste herri batzuetan ere egingo da: Tolosan (urtarrilak 19), Eibarren (martxoak 8), eta Irunen (martxoak 30). Gainera, «haka» egiten dute jadanik Gipuzkoako eliteko taldeen partiden atsedenaldietan; izan ere, egin da dagoeneko Super Amara Bera Bera taldearen partida batean, eta Delteco GBC, IDK Gipuzkoa, Bidasoa-Irun eta Gipuzkoako beste talde batzuen partidetan ere egiteko asmoa dago.

Ekimen horri amaiera emateko, Real Sociedad eta Eibar taldeen arteko Gipuzkoako derbian, neska-mutil talde batek «haka» dantza egingo dute Anoetako futbol zelaian partida hasi aurretik.

Kultura eta Kiroleko diputatu Denis Itxasok adierazi duenez, «argi daukagu eskola kirolean parte hartzen duten neska-mutilek oso garrantzitsutzat jotzen ditugun hainbat balio bereganatu behar dituztela, hala nola talde lana, ahalegina, eta aurkarekiko eta kideekiko errespetua, eta, aldi berean, behin betiko baztertu nahi ditugu irainak, mehatxuak eta jokabide oldarkor eta bortitzak harmailetatik eta kirolaren ingurutik. Nahiz eta Gipuzkoa eredu izan, eta eskola kiroleko jardueretara joaten diten gurasoek eta gainerakoek jokabide egokia eta eraikitzailea izaten duten gehienetan, oraindik ere badira, kasu batzuetan, adingabeei eta arbitroei presioa eragin, eta haiekiko jarrera oldarkorrak izaten dituzten pertsonak. Beraz, «hakatoi» horien bitartez partidetara joaten diren pertsona guztiak kontzientziatu eta inplikatu nahi ditugu, horrelako jokabideak kirol zelaietatik kanporatze aldera»

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika