Gobernu Taldeak zortzigarren urtez jarraian 2021erako tasa eta zergak ez igotzea proposatuko du biharko Ogasun Batzordean

Urr, 2020

Gobernu Taldeak bihar ospatuko den Ogasun Batzordera eta onartzen bada, datorren urriaren 29an Osoko Bilkurara zenbait neurri eramango dira. Alde batetik, tasak eta zerga publikoak ez igotzea proposatuko da, eta bestetik, 2020 honetan bide publikoaren okupazioa ez kobratzea. Horrela azaldu dute prentsaurrekoan Txomin Sagarzazu Hondarribiko Alkateak eta Juan Mari Altuna Ogasun Zinegotziak.

“Azpimarratu nahiko nuke 8. urtez jarraian tasa eta zerga publikoak izoztea proposatuko duela Gobernu Taldeak. Arrazoiak begi-bistakoak dira, Udalak halako pausuak eman behar dituela argi daukagu gure inguruak bizi duen egoeran laguntzeko” esan du Txomin Sagarzazu Alkateak.

“Hortaz gain, pandemia garaian aurreratu genuen moduan, 2020/01/01etik 2020/12/31ra bitarteko eraginarekin mahai, aulki eta antzeko tresneriarekin bide publikoa okupatzearen tasarengatik ezer ez ordaintzea proposatuko dugu, hau da, ordaindu beharreko kuotaren %100eko hobaria ofizioz aplikatzea. Nagusiki ostalari eta komertzioei begira hartzen den neurria da” gehitu du Sagarzazuk.

“Hau eta beste hobari batzuk egin ahal izan ditugu Foru Aldundiak araua aldatu duelako 2020rako. Aldaketa hau legez indarrean dagoen bitartean, 2021erako ikusiko da nola jokatuko duen Udalak”.

“Bihar goizean Ogasun Batzordea burutuko dugu, eta proposamenak onartzen badira, diktaminatu eta datorren urriaren 29ko Osoko Bilkurara eramango dira”.

2013ko urritik tasak izoztuak

Juan Mari Altuna Ogasun zinegotziak esan duenez, “tasa eta zerga publikoak ez igotzea 2013ko urriko Udalbatzan onartu zen lehen aldiz, eta hau zortzigarren urtea izango da jarraian. Kontutan hartzeko datua dela uste dugu”.

“Alkateak aipatu duen bezala, biharko Ogasun Batzordera beste zenbait hobari eramango ditugu. Esandako bide publikoa okupatzearen tasaren salbuesteaz gain, Ondasun Higiezinen Zergarekin loturik, zenbait hobari proposatuko ditugu, aurretik HIRUKIDE familia ugarien elkartearekin hainbat bilera mantendu ostean. Laguntza horiek familia ugariei zuzentzen zaizkie; Hondarribian 295 baditugu” gehitu du Altunak.

“Hortaz gain, familia ugariei begira ere, %50eko hobaria izango du familia bakoitzeko turismo bakar batek, baldin eta 19,99 zaldi fiskaletarainokoa bada, bost plaza edo gehiago baditu eta, indarrean dagoen legediaren arabera, familia ugariko kideren baten jabetzakoa bada”.

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika