Gizarte Ekintzarako Udal Zentroa, leihatil bakarra hurbileko gizarte ekintzarako

Api, 2020

Osasun krisi egoera honetan, Gizarte Ekintzarako Udal Zentroak bere zenbait egitekotan dirau, betiere hesi keinuak betetzeko egin beharreko egokitzapenak eginez.

Zaurgarrien diren pertsonen aldeko ekintza gehienak atxiki ditu eta batzuetan areagotu: adinekoen aldeko ekintzak, isolaturik direnen aldekoak, ekonomikoki ahul direnen aldekoak, aterpegabekoen aldekoak edo ahalmen urritasunen bat dutenen aldekoak. Konfinamendu garai honetan, bereziki begiratzen ditu haur txikiak eta gurasoak, eta senideartean gerta litezkeen indarkerien abisuei ere begira da.

ZERBITZUA ESKUHARTZE ALOR GUZTIETAN DA BERMATURIK

Elikagaien eroste bonoak ematea, gizarte laguntzako dosierrak bideratzea eta helbidea GEUZean dutenei gutunak ematea bete-betean egiten dira. Haizpean zahar etxeak, Etxean Laguntzeko Zerbitzuak (SAAD) eta apairuak eramateko zerbitzuak jarraitzen dute zerbitzua ematen, eta haurtzaindegiek, gobernuak hetsi baditu ere, osasun langileen haurrak hartzen dituzte.

KRISIARI EGOKITZEN ZAION TALDEA

Epidemiaren eta konfinamenduaren ondorioei arrapostua emateko, Gizarte Ekintzarako Udal Zentroak (GEUZ) jardun bereziak garatu ditu Segurtasun Zibileko Udal Erreserbaren urririkako laguntzaileei esker.

ISOLATURIK EDOTA AHALMEN URRITASUN EGOERAN DIREN PERTSONENTZAT

Konfinamenduak zenbait pertsonen isolamendua ekarri du edo areagotu.

Zaurgarri direnen erregistrotik abiatuz, telefono deien kanpaina batek jendeen beharrak zerrendatzeko aukera ematen digu.

Telefonozko harrera batek egoera ezagutzen duten partikularren edota profesionalen abisuak eta eskariak erregistratzeko aukera ematen digu.

Gutun bat eta afixa bat igorri zaizkie bizitegi lagunduen alokatzaileei, jabekidegoen sindikuei eta higiezinen agentziei GEUZaren zerbitzura jar daitezen

Haizpean zahar etxeari kasu berezia egin zaio, betiere osasun arauak zorrozki betez. Herriaren Haurtzaindegietako, Haur eta Gazteen Zerbitzuko eta Zerbitzu Teknikoetako langileak, bai eta Segurtasun Zibileko Udal Erreserbaren urririkako laguntzaileak etorri dira zahar etxeko langileak (garbitzaileak, sukaldaria, erizaina, animatzailea) ordezkatu edo laguntzera.

Gurasoen eta haien senideen arteko SKYPE bidezko solasak, kultura zerbitzuaren animazioak (kantuak eta musika) eta horretarako prestatu den e-helbide baten bidezko mezu trukea egoiliarren lotura atxikitzeko eta isolamendua urratzeko baliatzen dira.

Etxean Laguntzeko Zerbitzuak (SAAD) mendekotasun handienean direnen beharrei erantzuteari ekin dio bereziki eta apairuak eramateko zerbitzuak apairu gehiago eraman ditu.

GURASOENTZAT ETA HAUR TXIKIENTZAT

Haurtzaindegietako langileek osasun langileen haurrak ahal bezain baldintza onenetan hartzeari ekin diote.

Telefono bidezko zaintza eskaintzen zaie haurtzaindegiak hartu ohi dituen haurren gurasoei harremanetan mantentzeko eta txiki-txikientzako jarduerak proposatzeko.

Haur txikien koordinatzaileak baliagarri diren webgune guztiak zerrendatu ditu guraso guztientzat eta laster Hendaiako Herriko Etxearen webgunean eskuratzen ahalko dituzte; iraileko sartzea prestatzeko ere, zaintza eskaria egin duten guraso guztiekin, banan-banan, jartzen ari da koordinatzailea harremanetan.

ATERPEGABEKO PERTSONENTZAT

Osasun arauak betearazi nahian, Herriarekin, Eguneko Harrera Gunearekin eta Gurutze Gorriarekin elkarlanean, Gizarte Ekintzarako Udal Zentroak herrian diren aterpegabeko pertsonentzako 15 lekuko konfinamendu zentro bat irekitzen hartu du parte. Eguneko Harrera Guneko (Txoko) eta Gurutze Gorriko kideek daramate, eta hor ere aritzen dira Segurtasun Zibileko Udal Erreserbaren urririkako laguntzaileak.

Hor ikus liteke GEUZaren funtsezko egitekoen zabal-zabala, herritarrentzako zerbitzu anitzetarako sarbidea baita. Lan hori guztia koordinazioan darama, bereziki Pirinio Atlantikoetako Departamentuarekin, FLKarekin, CPAM…

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika