GAUTXORI ZERBITZU BEREZIA SANMARTZIALETARAKO

Eka, 2019 Irun, fiestas, San Marcial

Ekainaren 21etik uztailaren 1era bitartean, sanmartzialetako egun guztietako gauetan, erdialdea Behobiarekin eta Katearekin lotuko du autobus batek, tarteko geltokietan geratuz. Autobus geralekuetako berinape eta zutoinetan jarriko dira gautxorien eta hiri barruko linea erregularren jaietako ordutegiak.

Mugikortasun Arloak jakinarazi duenez, hilaren 21eko gauean, ostiralarekin, sanpedro eta sanmartzialetarako gautxori zerbitzu berezia jarriko da abian. Horrela, egunero, uztailaren 1etik 2rako gauera bitarteko gauetan, ordu oro, bi ibilbide egingo ditu zerbitzuak, erdialdea Behobiarekin eta Katearekin lotzeko, tarteko geltokietan geratuta, ordutegi honen arabera:

Katerako autobusa Gipuzkoa hiribideko 4. zenbakiko linea burutik aterako da, 23:30etik 06:30era bitartean, eta Behobiarako linea, berriz, 23:00etatik 06:00etara ibiliko da, Gipuzkoa hiribideko 1. zenbakitik abiatuta. Gogoan izan beharra dago ordu horietan ere abian egongo dela eskaripeko geldialdiak egiteko zerbitzua; alegia, nahi duten emakumeei beren helmugatik gertuago jaisteko aukera emateko eta, horrela, hiri barruko mugikortasunean genero ikuspegia aplikatzeko ekimena.

Mugikortasun Arloak azaldu duenez, “egun hauetan, praktikan, 24 orduetan izango dugu hiri barruko autobusen zerbitzua. Ohiko ahalegina da, eta, zerbitzua areagotzearekin batera, jaietan ere garraio publikoa erabiltzeko gomendatzen dugu: bai eguneko lineak, bai Gautxori zerbitzua; izan ere, alternatiba eroso eta segurua da hirian ibiltzeko, eta, gainera, joan den urtean bezala, eskaripeko geldialdiak egiteko aukera ematen du”.

Informazio guztia, geraleku bakoitzean

Gautxori zerbitzu berezia abian jarri aurretik, sanpedro eta sanmartzialak direla-eta aurreikusitako lehenengo trafiko mozketa eta murrizketak izango dira. Aldaketa horiek eta beste batzuk egingo dira sanpedro eta sanmartzialetako ekitaldiak direla-eta, eta baliteke hiri barruko autobus linea erregularren ordutegiak eta ibilbideak aldatzea. Horregatik, egun hauetan izango diren aldaketa guztiei buruzko informazio zehatza jartzen ari da berinape eta geraleku guztietan.

Aldaketa horiei eta hiri barruko autobusei buruzko informazio guztia IrunBus aplikazioan eskuratu daiteke, iOS eta Android telefonoetan: aplikazio horren bidez, egun hauetan lineetan egiten diren aldaketei buruzko abisuak jasoko dituzte erabiltzaileek.


Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika