Festetako programa berezia urte berezi batean

Eka, 2020

Irungo Udaleko Kultura Arloak aurkeztu du 2020 urteko San Pedro eta San Martzial jaietarako egokitutako ekintzen programa. Aurretik esan zen bezala, eta programan parte hartzen duten elkarte guztiekin egon eta gero, aurtengo festak Covid19 pandemiaren ondoriozko egoerak baldintzatuta dator. Ondorioz, programa egokitu egin da eta, batez ere, online proposamenek izan dute lehentasuna.

Kulturako ordezkariak, Juncal Eizaguirrek, adierazi du "aurtengoak festa bereziak izango dira irundarrontzat. Ezingo ditugu jaiak ohiko moduan gozatu, baina, behintzat, beste modu berezi batean sentitu ditzakegu.Ardura eta zuhurtzia dela eta, hainbat jarduera bertan behera geratu dira eta beste batzuei formatua egokitu zaie, beti ere osasun-agintariek zehaztutako babes eta garbiketa-neurriak jarraituz. Ondorioz, programa laburragoa da, baina betiko ilusioarekin egina".

"Made in Irun" motako hogeita hamar jarduera

Guztira, 30 jarduera antolatu dira eta Kultura Arloaren menpe daudenetan hiriko erakunde eta enpresekin lan egitea lehenetsi da. Urtero bezala, ekintzak ekainaren 23an hasiko dira; ohikoa den San Juan zuhaitza jarriko da, baina aurten ezingo da igo. Horren ordez, pandemiako biktimei omenaldia izango da festetako ikurra eta, hala nahi duten guztiek loreak jarri ahal izango dituzte biktimen oroimenez. Egun horretatik aurrera, eta festetako egun guztietan uztailaren 1 arte, Irungo kaleetan Sanmartzialetako argazkien erakusketa ikusteko aukera izango da eta hiria argazkiz jantzita ikusteko aukera izango dugu.

Beste erakusketa bat, kartelena, egun horretan irekiko da 18:00etan, Amaia KZn. Progamako berrikuntzetako bat da. XX. mendearen hasieratik hasi eta gaur egun arteko festetako kartelak espazio bakar batean bilduko diren lehen aldia izango da. Edukiera mugatu egin beharko da, bi metroko distantzia errespetatu beharko da eta bisitarientzat gel hidroalkoholikoaren banagailuak jarriko dira.

Festetako programaren protagonista nagusiak haurrak izango da. Eurengan pentsatuta "Marrazkien mosaikoa" antolatu da. Kultura Arloak antolatu du II Duomo elkartearekin batera, eta etxeko txikienek San Martzial gaiarekin egindako lanak bidaltzeko aukera izango dute. Guztiekin mosaiko handi bat egingo da eta Udaleko webgunean jarriko da. Azken urteotako beste ekimena San Martzial Gune Etxean da. Irungo "'talent showa', aurten 4. edizioa betetzen duena eta online egingo dena.

Irungo erraldoiak

Irungo Atsegiña, Bidasoako Erraldoiak eta Ondare Kultur Elkarteko konpartsaren eskutik aurten ere erraldoiak izango ditugu festetan. Egungo egoera dela eta, ezingo dute kalera atera dantza egitera, baina ekainaren 28 arte Ficobako galeriako kristaldegian egongo dira ikusgai kanpotik ikusteko. Espazio berean erraldoi guztiak ikusteko aukera paregabea izango da. Ekainaren 29an, goizez, hiriko zenbait lekutan erraldoiak berriz ikusteko aukera izango da.

Musikari dagokionez, aurrez aurreko ekintzak Irungo Txistulari Taldearen, Txingudiko Dultzaineroen dianak eta 'Irun Hiriko' Musika-bandarenak izango dira. Guztiak segurtasun-neurriekin egingo direnak. Modu telematikoan jarraitzeko musika-ekitaldi garrantzitsu bat ere izango da; Irungo Udaleko YouTube kanalaren eta sare sozialen bidez jarraitu ahal izango dena. Ahalik eta jende gehiengana iristeko lanean ari gara. Adibidez, ekainaren 25ean, 20:00etan, Náyade Abesbatzak parte hartuko du, Itsaso Aristizabal piano-jolearekin batera.Ekainaren 27an, 22:00etan, Lanbroa taldearen kontzertua izango da. Lanbroa taldea aurten jotzeko aukeratutako bertako taldeetako bat izan da eta euren kontzertua publikorik gabe grabatuko dute. Azpimarratu nahi da, Urdanibia plazako kontzertuak bertan behera gelditu diren arren, aurtengo festetan jo behar zuten herriko hiru taldeei kontzertua egiteko aukera alternatiboa eman zaiela, beti ere euren cachèa ordainduz. Hala ere, hainbat arrazoi tarteko, Lanbroak bakarrik eman du baiezkoa. Dena dela, hiru taldeek 2021 urtean jotzeko aukera izango dute eta normalean ez da horrela izaten; urte baterako aukeratutakoek ezin izaten dute hurrengo urtean jo.

Kemen Dantza Taldeak ere, ohi bezala, parte hartuko du ekainaren 23an (20:45ean) eta 24an (21:00etan). Online bidezko emanaldiak izango dira. Betti Gottik, berriz, Kuadrilen Eguna online bidezko jarduerekin egokitu du. San Pedro egunean, "Irungo Hiria" bandak ekainaren 29an urtero egiten duen tradiziozko kontzertua emango du, baina lehen aldiz Youtubeko kanaletik entzun beharko da. Etxetik jarraitzeko aukera izango den beste jarduera bat "Festa baten oroimena" dokumentala izango da. Ekainaren 25ean izango da, 19:00etan, eta gure herriko hainbat elkarte eta pertsonaren lekukotzak eta bizipenak ikusiko dira. Mantendu diren lehiaketen artean daude; AFIren San Martzial jaietako ohiko argazki-lehiaketa eta MUGANen erakusleihoen lehiaketa.

Azken txanpan, ekitaldi instituzionalen atalean, ekainaren 30ean, San Martzial egunean, Udalbatzak 1522ko sekziozko botoa beteko du 12:00etan, San Martzial mendian.

Eta azkenik, uztailaren 1ean, hiriko hainbat auzoetan dianak egingo dira eta zuzenean emango duten bakarrizketen lehiaketa ere izango da, 20:00etan. Agustin Jimenez izango da kartelburu. 22:00etan pilota profesionaleko jaialdia izango da Uranzu pilotalekuan.

Arduraz jokatzeko deia

Udaleko Kultura Arloak eskerrak eman nahi dizkie "ohiko edizioetan festetako programaren zati handienaren ardura izaten duten kolektibo eta elkarteei izan duten jarreragatik, izan ere primeran ulertu dute zein egoera bizitzen ari garen eta egungo egoera egokitu beharraz jabetu dira".

Era berean, irundar guztiei dei egiten zaie "egun hauek arduraz bizi ditzaten. Egoera honetan segurtasun-egoerarik sortu gabe guztion ilusioak eta pozak gozatzeko momentu eta moduak aurkitzen lagunduko digute. Gainera, irundarrak gonbidatu nahi dira festetan euren etxeetako leiho eta balkoiak Irungo banderarekin edo festetako koloreekin apaintzeko. 

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika