LARUNBATEAN, OLENTZERO IRITSIKO DA IRUNERA. GAINERA, BADIRA BESTE JARDUERA BATZUK.

Abe, 2017 Irun, Eguberria, ekintzak, Olentzero, merkatua, tailerra, breakdance

Jardueraz beteta dator larunbat honetarako agenda. Olentzeroren desfilea izango da aipagarriena, baina, gainera, jarduera osagarri mordoa programatu da, hala nola Nazioarteko Breakdance Txapelketa, artisautza azoka eta Oiasso Museoko ginkana. Informazio guztia, jarraian.

09:30ean, Garazi Lizarraga nutrizionistak Eguberrietako postreei buruzko tailer bat emango du, Kabigorri Ateneoan (Urdanibia plazan). Osagairik onenak erabiliz, hiruzpalau postre prestatuko dituzte parte hartzaileek, ahalik eta osasungarrienak, gehiegizko azukrez eta janariz beteta baitaude egun hauek.

10:00etatik 21:00etara bitartean, Uztarri Ona auzo elkarteak artisautza azoka bat jarriko du, Eihera plazan (Urdanibia Berrin): postuak, dantzariak, trikitilariak, poneyak, taloak, animaliak eta, 17:00etatik aurrera, Olentzero bera.

11:00etan, Ama Xantalen ermitako nekropolia bisitatzeko aukera izango da, Oiasso erromatar hiria lokalizatzeko lehenengo zantzuak utzi zituen lekua. Irteeran parte hartu nahi izanez gero, aurrez eman behar da izena, Oiasso Museora telefonoz deituta (943639353).

Arratsaldean, 16:00etatik 17:30era bitartean, Oiasso Museoan barrena ibiltzeko eta haren edukia ezagutzeko ginkana bat jokatuko da, altxor bat bilatzeko aztarnei jarraituz, euskaraz eta gaztelaniaz. Parte hartu nahi izanez gero, aurrez eman behar da izena.

17:00etatik 20:00etara, Olentzero hirian barrena ibiliko da. Alberto Anguera plazatik abiatuko da desfilea, eta, Hondarribia kalean, Zubiaurre kalean, Geltokiko kalean, Colón ibilbidean, Foruen karrikan eta Karrika Nagusian barrena, San Juan plazan amaituko da. 18:00etatik 21:00etara bitartean, plazan bertan egongo da Olentzero, Irungo haurren eskutitzen zain.

Meakatik hurbil bizi direnek, berriz, 17:00etatik aurrera, auzo elkartearen egoitzan izango dute Olentzero eta Mari Domingi ikusteko aukera. Sarrera doakoa izango da, eta, hortaz, nahi duen orok utzi ahalko dio eskutitza Euskal Herriko ikazkinik ezagunenari.

Azkenik, 17:30ean, Amaia Kultur Zentroan, Nazioarteko XXI. Breakdance Txapelketa jokatuko da. Ohikoa denez, Espainia eta Frantzia osoko 80-90 parte hartzaile espero dituzte antolatzaileek. Gainera, berrikuntzarik ere izango da: giroa berotzeko, kalera eramango da lehiaketaren esentzia, eta, horrela, 15:30etik aurrera, Pío XII.a plazan, oilar borroka bat izango da, WRAP HOUSE irundar taldearen eskutik, baita grafiti zona bat ere, non Iñaki de Lauburuk horma irudi bat egingo duen.


Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika