Eskoletara itzultzea maiatzaren 14an eginen da

Mai, 2020

Eskolara itzultzea, Frantzian, 2020ko maiatzaren 11rako agindu du gobernuak. Buruhauste galanta zaie hori udal zerbitzuei eta irakasleei, “sartze” berri horri pedagogia berriarekin eta osasun neurri korapilatsuekin ekin beharko diotelarik. Eta zer erranik ez etxeko hetsialdi hori “eskolako hetsialdi” gertatu zaien haurrentzat.

Iragan apirilaren 27ko herri kontseiluan erran nuen legez, ikastetxeen berriz zabaltzeko baimena emanen badut gure zerbitzuek ikastetxe bakoitzean osasun protokolo zorrotza bermatu behar didate lehenik. Ororen osasuna baitut nik lehentasun.

OSASUN BALDINTZAK BERMATURIK

Egun ziurta diezazueket osasun neurri guztiak hartu direla eskolaldi inguruko harreretarako, eskola jantokietarako eta, baita ere, noski, ikasgelak eta egitura guztiak garbi daitezen.

Eskolen berriz zabaltzea udalaren ardura da eraikinen kudeaketari, eskolaldi inguruko harrerari eta eguerdiko atsedenaldiari dagokienean, baina irakaskuntza pedagogikoa hezkuntza ministerioari dagokio, aldiz. Hari dagokio, beraz, antolamendu berriaren nondik norakoa azaltzea.

Nolanahi ere den, eskertu nahi nuke hautetsien, udal zerbitzuen eta hezkuntza ministerioaren artean adosturik egiten ari diren talde lana.

HAUR GUZTIAK EZINEN DIRA ESKOLARATU

Eskola zuzendari bakoitzak familiekin jarri da harremanetan. Irakasleen ia heren bat izanen da prest eta berriz ere eskolara joan nahi duten 339 haurretatik 150 inguru hartu ahalko dira maiatzaren 14tik goiti.

Zail zaigu haur guztiak hartzea hezkuntza ministerioaren protokoloak ezarri baldintzetan. Hasiera batean, ama eskolako ikasgela bat irekiko dugu, Estatuak lehentasunezkotzat dituen lanetan (osasuna, segurtasuna…) ari diren langileen haurrentzat. Lehen mailako 5 eskolak eta ikastola zabalduko dira eta eskaera egin duten gurasoen lehen mailako eta 5. mailako haurrak hartuko dituzte, bai eta Estatuak lehentasunezkotzat dituen lanetan ari diren langileen zeinahi mailatako haurrak ere.

Gurasoek e-postaz jasoko dute auzapezak eta hezkuntza ministeroak sinatu gutun bat, non maiatzaren 14ko goizean berriz irekiko diren eskolen antolaketa horren nondik norakoak azalduko zaizkien.

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika