ERDI AROKO PINTXO ONENA AUKERATZEKO PARADA MAIATZAK 31ETIK EKAINAK 9RA

Mai, 2019 Hondarribia, gastronomia

Erdi Aroko osagaiekin egindako pintxoak dastatu ahal izango dira Hondarribian maiatzak 31tik ekainak 9 arte. Ekimenaren aurkezpena gaur burutu da Udaletxean, eta han izan dira Maria Serrano Udaleko jarduneko Merkataritza eta Turismo zinegotzia, eta Aitor Amutxastegi eta Nere Ariztoy, epaimahaikideetako bi.

Ekainak 8 eta 9ko asteburuan izango den azoka bereziaren harira, herriko ostalarien arteko XII. Erdi Aroko Pintxo Lehiaketa antolatu du Udalak Erdi Aroko Hirien Sarearekin elkarlanean. Mendeetan atzera iberiar penintsulan eskura zitezkeen osagaiak bakarrik izango dituzte pintxoek.

Maria Serrano Turismo zinegotziak eman ditu lehiaketaren inguruko xehetasunak: “Aurtengo edizioan, Rafael, Biondar, Larra, Danontzat, Sardara, Enbata eta Kale Nagusiko Tatapas tabernak lehiatuko dira Hondarribiko Erdi Aroko Pintxo Onenaren Saria eskuratzeko. Horien arteko irabazleak hiria ordezkatuko du urriak 18tik 20ra Lizarran egingo den XII. Pintxo eta Tapen Nazioarteko Lehiaketan”.

Aitor Amutxastegi (Arraunlari Berri), Gorka Cepeda (Arroka Berri) eta Nere Ariztoy turismo gastronomiko aholkularia izango dira epaimahaikide. “Aurkezpena, zaporea eta pintxoaren osotasuna hartuko ditugu aintzat”, azaldu du Amutxastegik. “Ez da batere lan erreza, ez sukaldarientzat ezta epaimahaia osatzen dugunontzat ere. Urtetik urtera kalitateak nabarmen egiten du gora eta ikusi besterik ez dago aurten prestatuko dituzten pintxoetan”.

Herritarren botoa

Lehiaketak Erdi Aroko Pintxo Onenarena ez ezik, Herritarren Saria ere banatuko du. Boto gehien jasotzen duen tabernak eskuratuko du, Maria Serranok azaldu duenez: “Hiru pintxo janda, antolakuntzak banatutako eskuorriaren bitartez botoa emateko aukera izango du jendeak”. Parte-hartzaileen artean, Laguardian asteburua pasatzeko aukera zozkatuko dute.


Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika