ELKARRIZKETA DAVID OTERO “EL PESCAO” MUSIKARIARI

Ots, 2016 David Otero, El Pescado, Música, Irun

David Otero, “El Pescao”, bakarka lekua egiten ari da pixkanaka musikaren munduan. Ez du erreza izan behar “El canto del Loco” taldeko kideekin bizi izan zuen arrakasta gainditzea, baina berak aurrera jarraitzen du bere musika-ibilbidearekin, eta disko berria atera du: "Ultramar". Datorren ostiralean, martxoaren 20an, Irunen kontzertu bat eman behar duen aitzakian, berarekin hitz egin dugu.  

Ondo iruditzen bazaizu, atzera begiratuz hasiko gara. Askok “El canto del loco” taldeko gitarrista gisa gogoratuko zaituzte. Zer geratzen da David hartatik?

Uste dut David bera izaten jarraitzen dudala; ez naiz aldatu. Alde bakarra da lehen konposatu eta gitarra jotzen nuela eta orain kantatu ere egiten dudala.

Zer oroitzapen dituzu garai hartatik?

Oroitzapen onak gordetzen saiatzen naiz, hamar urte lanean ibilita denetik izaten da eta: oroitzapen onak, txarrak… Ni beti saiatzen naiz ona gordetzen, nahiz eta uste dudan orduko gauza asko ahaztuz doazela. Hain handia, hain itzela izan zen arrakasta, ezen fantasia bat bezala gordetzen duzula zure buruan. Batzuetan, ez duzu sinesten halakorik gertatu zenik.

2010ean, zure lehenengo bakarkako lana atera zenuen, “Nada lógico”, eta 30.000 kopia saldu zenituen. Orain, biran ari zara bete-betean “Ultramar”ekin, nola doa dena?

Dena ondo. Leku askotan jotzen, kontzertu asko egiten, kanta berriak estreinatzen eta proiektu berri honetan ilusiorik handiena jartzen.

Urtebete joan ziren Argentinara, inspirazio bila, eta hirugarren disko hau besapean duzula, zure bigarren semea izan duzula eta 50 kantatik gora konposatuta itzuli zara. Kontatu iezaguzu nola joan zen urte han.

Konposatzeko urtea izan zen; denbora gehiena estudio txiki batean pasa nuen, Palermo auzoan, Buenos Airesen. Egia esateko, ia urte osoa etxetik estudiora eta estudiotik etxera pasa nuen; lagunekin, familiarekin… Bederatzi hilabete eman nituen kantak konposatzen. Uruguaira ere joan nintzen bitan; leku ederra da, baina ia urte osoa eman nuen konposatzen.

Pozik al zaude amaierako emaitzarekin?

Egia esan, batek disko bat egiten duenean, inoiz ez dago pozik ehuneko ehunean; beti aldatuko zenituzke gauzak, baina azkenean utzi egin behar diren xehetasunak izaten dira. Nire ikuspegitik, obrak ez dira inoiz bukatzen; utzi egiten dira, zeren bueltak eta bueltak ematen eta gauzak hobetzen ibili zaitezke urtetan. Beraz, nahiago dut dagoen bezala utzi.

Pentsatzen dut luzea egingo dela disko berri bat ateratzea pentsatzen duzunetik azkenean eskuetan duzun arte. Nolakoa izan da “Ultramar” sortzeko aldia?

Egia esateko, sortze-prozesu desberdin asko izan dira. Kantak sortzetik, diskoa grabatzeko uneraino; gero, amaituta noiz egongo zen itxaroteko unea... Oso garai luzea izan da; ez dakit ez ote den izan luzeegia. Urtebete pasea joan da diskoa asmatzen hasi nintzenetik, eta une batzuetan luze samarra egin zait.

Kanpotik, esan dezakegu disko baikorra dela, edo, gutxienez, oso koloretsua. Musika aldetik, askotariko samarra da, ala?

Ba, bai; egia esan, oso gustuko dut askotarikoa izatea. Pixka bat aspertu egiten nau monotonia musikalak. Beti bilatzen du estiloak eta estetika aldatzea; bueltak ematen saiatzen naiz, disko aspergarria bihurtu ez dadin.

“Ultramar”ekin, arau guztiak hautsi dituzu. Oso partizipatiboa izan da, koruak egiteko hainbat fan izan baitituzu; interakzio asko egon da gizarte-sareekin… Nola bururatu zitzaizun sortze-prozesuan bertan jendeak iritzia emateko aukera hori?

Oso modu naturalean bururatu zitzaidan, eta zuzena zen ala ez ondo ez nekiela saiatu nintzen gauzatzen. Bulkadaz egin nuen pixka bat; jendea kontuan hartu, zerbait iritsiko dela eta gertatuko dela pentsatuz. Baina inoiz ez da jakiten zeintzuk diren urrats zuzenak, eta kasu honetan, igerilekura egin dugu jauzi zer gertatzen zen ikusteko. Beraz, edozein prozesutan bezala, gauza batzuekin pozik nago, eta beste batzuekin, ez hainbeste. Emaitza da kanpotik asko ikusi dela barruan zer gertatzen zen.

Hain zuzen, fanek berek bozkatu zuten gogokoena zela “Azul y Blanco” singlea. Konparaketa eginez gero, oso Real Sociedadekoa.

Oro har, gogoko ditut talde txuri-urdinak. Sinpatia diet. Erreala gustatzen zait, eta Malaga, Espanyol… Baina oso gogoko dut Depor; ez dakit izango den birraitona galiziarra dudalako edo.

Deigarri gertatu zaigun beste kanta bat “Por las calles de Palermo” izan da; horretan, Rosario Ortega kantari argentinarrak parte hartzen du. Kontatu iezaguzu kanta horren historia.

Kantaren historia, letra, kalean nenbilela sortu zen; imaginatzen nuen zer gertatuko ote litzakeen bi pertsona gurutzatu eta maiteminduko balira eta inoiz elkar ikusiko ez balute berriz. Hau kanta bihurtu den fantasia bat da. Bat-batean, kanta grabatzen ari nintzenean, pentsatu nuen ahos argentinarra falta zuela, eta Rosario Ortegari deitzea bururatu zitzaidan, harekin batera lagun batzuk dauzkagu eta. Kanta eman nion, eta asko gustatu zitzaion.

Etorkizunean pentsatuz, epe laburrera, zer asmo daukazu?

Asko jotzea. Kontzertuak, kontzertuak, kontzertuak… Eta etorkizunean pentsatzen hasi, baina hermetikoago, barruagotik.

Momentuz, guk Irunen entzun ahal izango dizugu martxoaren 20ko ostiralean. Lehen aldia al da hemen jotzen duzula?

Uste dut aspaldian jaietan jo nuela; beraz, bigarrena izango litzateke hemen nagoela. Egia esan, izugarri gustatzen zait Euskal Herria; ondo jaten da, jendea oso atsegina da, beti ondo tratatzen zaituzte, itzultzea nahi izaten duzun leku bat da.

Amaia Kultur Zentroa leku nahiko txikia da; 600 lagun inguru sartzen dira. Pentsatzen dut horrelako aretoetan sortzen den giroa hurbilagokoa, intimoagoa izango dela.

Bueno, agian, 600 lagunentzako tokiak txikia dela eman lezake, baina ez da hain txikia. Gaur egun, oso zaila da 600 lagunekin areto bat betetzea; beraz, jendea animatu egingo dugu kontzertura etorri dadin eta gozatu dezan. Beraz, intimoa ere ez da izango. Intimoa 30 lagunekoa da (barreak); 600 lagun kopuru dezentea da.

Urte amaitu baino lehen irakurri nahiko zenukeen titular bat; zuri buruzkoa, noski.

Bira arrakastatsua izan dudala, jende asko ibili dela eta oso ondo pasa duela. Eta nik ere ondo pasa dudala.Dagoeneko salgai daude sarrerak:

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika