Uda honetan Irunen berriz ere bisita gidatuak izango dira.

Uzt, 2017 Irun, visitas guiadas, Iglesia del Juncal, Irugurutzeta, Necrópolis, Museo Romano

Udan Irun aldean geratzen bazara, ezin duzu galdu hiria turista begiekin berriz deskubritzeko modua. Udaletik hirian zeharreko bisita gidatuak eskaintzen dira pakete turistiko desberdinetan, eta datorren abuztuaren 30 arte egongo dira martxan.

Asteazkenetan eta larunbatetan ibilbiderik osoena

Atalka joango gara, hiriaren historia sakon ezagutzea interesatzen bazaizu, asteazkenetan 11,00etan eta larunbatetan 10,30ean eskaintzen diren bisitak gomendatzen dizkizugu.

Junkaleko elizatik irteten dira eta parrokia, erromatar garaiko Oiasso ingurua, Urdanibia plaza, Ama Xantalen eta udaletxea bisitatzen dira. Bisita gidatu hori da osoena, bi ordu irauten du eta pertsonako 2 euroko prezioa du (12 urte arteko haurrek dohain).

Larunbatetan bisita nekropolira

Oiasso Erromatar Museoak larunbat goizetarako, 11,00etan, bere irteera klasikoak dauzka programatuta Ama Xantalengo nekropolia ezagutzera. Toki hori aztarnategi arkeologiko bat da eta hor agertu zen Oiasso hiriaren nekropolia, 100 errauts-kutxatila baino gehiagorekin eta beren ostilamenduekin. Duela hilabete gutxi berritu da eta bertako panelen bitartez emandako azalpenekin hobeto ezagutu ahal izango duzu antzinako Oiassoko bizilagunen hileta ohiturak nolakoak ziren.

Irugurutzetarako meatze trena

Hiriko beste erakargarritasun turistikoa Irugurutzetako meatzeak dira. Bertara joan zaitezke oinez edo meatzetako tren ezaguna hartu, Oiasso Museoa eta erromatarren garaiko aztarnategi hori lotzen duen tren berdea alegia, non deskubrituko dituzun meatzeak eta kiskaltze-labeak.

Kasu honetan uztaileko irteerak asteazken eta ostiraletan programatuta daude, 11,00etan (taldeentzat soilik) eta 17,00etan. Igandeetan irteera bakarra egingo da, goizeko 11,00etan.

Abuztuan, ordea, txangoak ostegun, ostiral eta larunbatetan egingo dira 11,00etan (berriz ere taldeentzat bakarrik) eta arratsaldeko irteera 17,00etan izango da. Informazioa eta erreserbak Oiasso Museoan. Telefonoa: 943 639 353.

Lapurriturri

Lapurriturriko informazio guneak, Aiako Harria parke naturalean, 10 urte baino gehiago darama gerturatzen diren bisitariei parkea ezagutzera ematen, eta horretarako denboraldi osoan zehar jarduera desberdinak egiten dira. Udaberrian, udan eta udazkenaren hasieran egiten diren jarduerez gainera, informazio guneak berak informazioa ematen die bisitariei paperean, eta Parke Naturalari buruzko gidaren azalpenak ere bai, gaikako 5 ibilbideei buruz (elur-zuloak, meatzaritza, ikazkintza, gerrak, eta flora, fauna eta ura) eta inguruko turismo-eskaintzari buruz. Informazio hori emateaz gainera, Lapurriturrik erregularki jarduera desberdinak antolatzen ditu tokiko flora eta fauna ezagutzera emateko. Lapurriturriko informazio gunearen ordutegiari dagokionez, asteburuetan zabalik egoten da urrira arte, uztail eta abuztuko jai egunak barne, goizeko 10,00etatik 14,00etara.

EPE LABURREAN

Bisita gidatua: Junkaleko Andra Mariaren parrokia, erromatar garaiko Oiasso ingurua, Urdanibia plaza, Ama Xantalen eta udaletxea. Ibilbidea: 2 ordu.

Asteazkenetan, 11:00etatik 13:00etara.

Larunbatetan 10:30etik 12:30era

Tarifa: 2€ ; 12 urte arteko umeek, dohainik

Tokia erreserbatzeko 943 020732 telefonora deituta.


Ama Xantalengo nekropolira bisita

Larunbatero 11:00etan, Oiasso Museotik irtenda.

Iraupena: 60 minutu

Tarifa: 3€.

Tokia erreserbatzeko 943 020732 telefonora deituta.


Meatze trena

Uztailean: Asteazken eta ostiraletan 11,00etan (taldeentzat soilik) eta 17,00etan. Igandeetan, 11:00etan

Abuztuan: Ostegun, ostiral eta larunbatetan 11,00etan (taldeentzat soilik) eta 17,00etan.

Irugurutzeta meatze ingurura irteera.

Tarifa: 3€.

Tokia erreserbatzeko 943 63 93 53 telefonora deituta.

Irteera Oiasso Museotik


Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika